Bere ibilbideko laugarren diskoa kaleratu du U. K. Bill taldeak: ‘Ez nago lo’. Añorgako taldearen hamargarren urteurrenarekin bat egin du lan berriak, eta hamar abestirekin osatu dute.
Unai Arana; U.K. Bill musika taldeko managerra.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Musika zaletasun nagusi gisa dute U.K. Bill taldeko kideek; ez baitira hortaz bizi. Lau musikarik osatzen dute taldea, eta badute beti eurekin dagoen lagun leial bat: Unai Arana (Hernani, 1978). Managerraren postua betetzen du, eta bere lana gertuagotik ezagutu nahi izan du IRUTXULOKO HITZAk.
Hasieratik zaude taldean, ezta?
Lehen diskoa diseinatzeko deitu zidaten, eta lagunak egin ginen. Bigarren diskorako deitu zidatenean, talde barruan sartzeko proposamena egin zidaten, manager papera betetzeko. Nik nire baldintzak jarri nizkien, esanez ahal nuena egingo nuela. Manager hitza pixka bat handia geratzen zait, baina, horrela, bigarren diskoan, laguntza ematen hasi nintzen: kontzertuak bilatzen, eszenatokiko gauzak muntatzen… eta pixkanaka bulegoko lanera mugatu naiz. Beraiek beti utzi diate askatasuna nahi nuena egiteko; nik ideiak botatzen dizkiet, eta beraiek moldatu egiten dituzte.
Aurretik ezagutzen zenituen?
Nire lehengusuaren bidez ezagutzen nituen; nire lehengusu Manex Etxeberria Añorga Txikikoa baita, Asgarth taldearen bueltan ibili zen, Hira taldean ere bai, eta berak sartu ninduen musikaren munduan. Beraiek Utikan taldean jotzen zuten, nire lehenengo taldeetako bat, eta auzotik ezagutzen nituen. Hamabost bat urte igaro ziren, eta deitu egin zidaten, eta ni pozik. Ni hernaniarra izanda ere, beti izan dut lotura auzoarekin, jaunartzea han egin nuen, eta lagun asko ditut.
Ikasketaz diseinatzailea zara, orduan?
Bai, diseinatzaile grafikoa naiz, ikus-entzunezkoak ere bai, eta mundu horretan ibili naiz beti. Gaur egun, Elkar argitaletxean lan egiten dut, hortik jaten dut.
Nolakoa izan da disko berria sortzeko bidea?
Ekoizpen lana oso desberdina izan da. Irutxuloko Hitzak eskaini zigun aukera abesti bat egiteko bere urtemugaren harira, eta horrela hasi genuen urtea. Disko berri bat atera nahi genuen, baina ez genuen lokaletik atera gabe egon nahi abesti berriak sortzen. Proposatu nien lehenengo bost abestiak urte hasieran grabatzea, eta gainontzeko bostak, urte bukaeran. Garate estudioan egin ditugu grabaketak, baina abestiak nahiko aske joan dira estudiora, eta han bukatu ditugu. Martxel Arkarazok asko lagundu digu abestiak biribiltzen, eta prozesua freskoagoa izan da. Ni hor gutxi sartzen naiz. Gehienez esaten dut gogoko dudan edo ez.
Hiru abesti zabaldu zenituzten aurrerapen gisa, baita bi bideoklip ere.
Bai, azken urteetan dagoen joera jarraitu genuen. Lehenengo,
Gure Hitza abestia aurreratu genuen, eta gero, Ez nigana hurbildu, eta
Ez nago lo, diskoari izena ematen diona. Bideoklipena esperientzia polita eta oso ona izan zen nire ustez. Gure Hitza bideoklipa berezia zen, ez da mozten, Añorgako Zinean egin genuen, eta jende askok parte hartu zuen. Uste dut oso txukuna eta polita geratu zela. Hurrengo bideoklipa izan zen gehiago musika talde batek bilatzen duena; beste punta batera joan ginen, zuri-beltzeko bideoklip bat egitera, aktoreekin… eta jorratzen ziren gaiak rockaren ingurukoak ziren. Gainera, Iñaki Txikok eta Lander Ayllonek, lehenengoak gidoia txukuntzen eta zuzentzen lagundu zidan, eta bigarrenak animazioak egin zituen. Oso gustura geratu ginen.
Zein erantzun jaso duzue?
Ez gara oso talde handia, eta normalean bideoklipek oso harrera ona izan dutela, eta «profesionala» hitza entzun dugu. Badirudi halako talde txiki batek halako bideoklipak egiteak jendea harritzen duela, gure harrotasunerako.
Badatoz kontzertuak?
Diskoa atera eta urte hasierarako lauzpabost kontzertu lotu genituen. Egia esan, negua ez da garai ona; udaberri eta udara begira gaude. Nahiko zirikatzaileak gara berez, eta asko aritzen gara ate joka kontzertuak emateko. Gipuzkoatik kanpo ere mugitzen saiatzen gara.
Bakoitzak bere lana du musikaz gain, erraz moldatzen zarete?
Denok daukagu gure lana, eta batzuk aita gara; horrenbestez, ordu zehatzak ditugu taldeari eskaintzeko. Zaletasun bat da hau, eta musika ofizio bihurtzea nahiko genuke, baina, horrela ez denez, gure zaletasuna ahal dugun moduan kudeatzen dugu egunerokoan. Batzutan nahi duguna egiten dugu, eta beste batzuetan, ezin izaten dugu nahi duguna egin. Ez diogu gure buruari beharrik jartzen, nahi dugulako eta gustatzen zaigulako egiten dugu hau guztia, eta errespetu osoarekin, gainera.
Zer da U.K. Bill? Nola definituko zenuke taldekide bakoitza?
Utikan taldeko bi taldekiderekin sortu zuten taldea Rafak eta Unaik. Rafa abeslaria da, taldearen ahotsa eta taldekide guztiak batzen dituena. Unai bateria-jotzailea da, oso metodikoa; gauzak nola egin behar diren esaten du, eta gerentea deitzen diogu. Ondoren, Oier Txoperena sartu zen, gitarrista, oso bihotz oneko pertsona da, musika oso gogoko du, eta birtuosoa da. Iker Iparragirre ere musika mundutik dator, asko daki, baina taldeko isilena da. Oso bihotz onekoa da bera ere, baina Unai eta Rafa zirikatzaileagoak diren moduan, Iparra isila da, beti laguntzeko prest dago; ideiak botatzen ditu, baina onartu egiten du besteek diotena.
Zuk zer gehitzen duzu taldean?
Kontzertuak bilatzen saiatzen naiz; disko bateko sormenean daudenean, bulegoko lana egiten dut, eta egutegi bat jartzen diet. Nirea itzaleko lana da, fokuen atzean geratzen naiz.
Lau disko ditu jada U. K. Billek. Noruntz doa?
Musikalki bilakaera bat nabari da lehen diskotik oraingora. Egungo abestietan nabaritzen da musikalki gehiago dakitela, eta badakite zer nahi duten. Bilakaera bat egon da, eta gero eta hobeak dira. Orain, disko berriko abestiak jendaurrean jotzeko aukera izan nahi dugu, ahalik eta kontzertu gehien eman. Ahal badugu, jaialdi handietan jo nahi dugu, Euskal Herria Zuzenean, BBK Live… Hori da gure lau mutilen ametsa.