Antiguako Ekaitz Ibero aske geratu da
2013ko apirilean atxilotu zuten, Donostiako Aske Gunean.
Segiko kide izateagatik seina urteko espetxe zigorra jarri zieten gazteak babesteko abiatu zuten Aske Gunea Bulebarrean duela hiru urte, 2013ko apirilean, eta haiei batu zitzaien Ekaitz Ibero. Operazio berberean atxilotu zuten, eta beste auzi batean zigortu.
2013ko otsaileko lehen astean espetxean aurkezteko agindua zuen Iberok, lau urte eta hiru hilabeteko zigorra betetzera. Ez joatea erabaki zuen, eta apirilean atxilotu zuten Aske Gunean agertu ondoren.
Aske Gunean jende gutxien zegoen unea baliatu zuten ertzainek gaztearen bila joateko. Lekukoek azaldu dutenez, LAB sindikatuko kideek hitzaldia eman zuten, eta hura amaitu berritan, jendea aldentzen ari zela, ertzain saldoa gerturatu zitzaien erdian geratu zirenei. Segituan inguratu zituzten, ezkutu, kasko, porra eta gomazko pilotak botatzeko eskopetez armatuta. Zetorrena ikusita, lurrean eseri ziren: Ekaitz Ibero erdian, beste zigortuak inguruan eta gainerako jendea, denak elkarri besoetatik kateatuta.
Ingurukoak banaka-banaka askatu eta handik apartatzen aritu ziren ertzainak, Ibero hartzea lortu zuten arte.Tentsio une nahasi hartan hartutako kolpeen ondorioz, gutxienez hiru lagun eraman zituzten erietxera. Burua irekia zuela eraman zuten bat, eta zazpi punturekin itzuli zen etxera. Gainera, lekukoen arabera, Ertzaintza erietxeetan izan zen gero, zaurituen izen-abizenak eskuratu nahian.
Logroñoko espetxean preso egon da Antiguako Ekaitz Ibero. Aske geratu da gaur.