Parte Zaharreko kaleak dantza eta musikaz beteko dituzte igandean; Grosen, Loiolako Erriberan ere aterako dira.
Kresala elkartearen inude eta artzainen konpartsa. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
1885eko otsailaren 2an ospatu zuten lehen aldiz inude eta artzaien jaia, Kandelaria egunean. 1912. urtean, berriz, Pio XII.ak Kandelaria eguna lanegun bihurtu zuen, eta, aldaketa horrek bultzatuta, ospatzeari utzi zitzaion. Kaldereroak, aldiz, mantendu egin ziren. Orduz geroztik, ohitura hori berritzeko hainbat saio egin dira, baina
Kresala elkarteak bakarrik lortu zuen indarberritzea, 1977an.
Igandean berrogeigarren aldiz aterako dira kalera, Joxe Murua Kresala elkarteko kideak adierazi duenez. 150 kidez osatutako konpartsa da, eta
hiriko jendetsuena da. Hiru taldetan banatuta dago: inude eta artzainen bikote dantzariak – 30 bikote-, danborrariak – 60- eta pertsonaia historikoak – 60-.
Aurten
Juan Carlos Samaniego Tximist izango dute gogoan. Mikeletez jantzita atera ohi zen Kresala elkartearen konpartsan, eta haren omenez dantzatuko dira. Urtero zerbait berria eskaintzen saiatzen direla azaldu du Muruak
Parte Zaharrean, inude eta artzaien jaia bi gunetan piztuko da. Kresala elkarteko kideak Euskal Herria kaletik abiatuko dira 12:00etan. Ordu berean,
Donostiako Udal Txistularien banda Konstituzio plazan hasiko da jotzen. Jendea bertan elkartu bitartean, jai giroa piztuko dute plazan. Ordu bete geroago hasiko da bertan artzai eta inudeen emanaldia. Ordu erdiko antzezpena bukatzean, berriz ere bueltan joango dira Euskal Herria kalera.
Urtero zerbait berria eskaintzen saiatzen direla azaldu du Muruak, eta aurtengo desfilean,
hipodromoaren 100. urtemuga dela eta, keinu berezi bat egingo diote zaldi lasterketen lehiari. Urtero egunkari zahar bat argitaratu ohi dute desfilerako, eta aurtengoak hipodromoko albiste zaharrak ekarriko ditu. Mila ale banatuko dituzte igandean. Gainera, pertsonaia historikoen taldean ere hiru pertsonaia berezi sartuko dituzte: zaldi lasterketatako bi ikusle eta jockey bat.
Igande honetan ere inude eta artzainak aterako dira
Grosen eta Loiolako Erriberan. Grosen Txofre kaletik abiatuko dira 11:15ean, eta auzoko kale nagusietan barrena ibiliko dira. Artetxe jeneralaren kalean bukatuko dute ibilbidea.
Loiolako Erriberan Ikasbide ikastolako gurasoen elkarteak antolatu du konpartsa. Eguerdian, 12:00etan, irtengo dira Ikasbide ikastolatik, eta bi orduz auzoa girotuko dute inude eta artzainen dantza eta musikarekin.
Hurrengo igandean, hilaren 6an,
Antiguan ere aterako dira inude eta artzainak, Antiguotarrak dantza taldeak antolatuta. Antiguako merkatu zaharretik abiatuko dira 12:00etan