Uxue Arzelus: 'Detaile txikiak'
Fikziozko pertsonaiak sortzerako garaian, pertsonaia lauak eraikitzeko arriskua dago. Ezer iradokitzen ez diguten pertsonaiak dira, hutsak. Luis, 45 urte, arkitektoa, bi alaba. Ane, 22 urte, kazetaritza ikaslea, Bilbon bizi da. Axun, 83 urte, 8 biloba, alarguna. Milaka pertsona bururatzen zaizkit ezaugarri horiek betetzen dituztenak, eta, hala ere, ezin ditut pertsonaiak irudikatu. Luisek txakurrei beldur diela jakin behar dut, eta goizetan txokolatezko gailetak gosaltzea gustatzen zaiola. Aneren afizioa izen bereziak dituzten pertsonak bilatzea dela entzun nahi dut, eta gauero ohera sartzean ezkerreko oina txingurritzen zaiola. Axun bere bizilagunaren irribarrearekin urduritu egiten dela atzeman nahiko nuke, eta haren etxeko txintxarriak egiten duen soinua gustatzen zaiola. Detaile txikiek egiten baitute pertsonaia handi.
Bada fikziozko pertsonaietaz gain, bizitza errealean ere berdin gertatzen zait niri. Adin, lanbide, orientazio sexual, bizilekuak ez didate ezer esaten. Ezaugarri txikiak behar ditut pertsona bat ezagutzeko. Martin, 38 urte izanda, gurasoen etxean bizi dela jakin ordez, kalean txistuka joan ohi dela ikusi nahiko nuke. Eta edariak izotzarekin kontaktua egiten duenean entzuten den kraxk hori gustoko duela. Urduri dagoenean poltsikoan daraman goxoki papera igurzten duela. Lentejak egiten dituen bakoitzean gatz gehiegi botatzen diela eta eskubia izan arren ezkerreko hankarekin hasi behar duela pijama janzten. Kaixo, Martin naiz eta ate zaharrek egiten duten hotsari diot beldur. Detaile txikiek egiten baitute pertsona handi.