Interesa duena asteazken eta ostegunetako entseguetara joan daiteke, 19:00etatik 20:30era, auzoko parrokian.
(Argazkia: Ibaeta Abesbatza)
Ibaeta Abesbatzak urtea indartsu hasi nahi du. Izan ere, abesbatzan kide bila dabiltza, taldea handitzeko asmoz. Emakumezkoentzako zein gizonentzako tokia dago. Hortaz, interesa duen oro asteazken eta ostegunetan (19:00etatik 20:30era) egiten dituzten entseguetara hurbildu daiteke. Ibaetako parrokian izaten dira, eta bertan kideekin eta abesbatzako zuzendariarekin hitz egiteko aukera egongo da.
2008tik auzoko giroa indartzen
Donato Unanue buru zuela, Ibaeta Abesbatzak bere ibilbideari 2008ko urrian eman zion hasiera. Euskal kanten bidez, auzoko eguberri giroa indartzeko asmoz.
Hasieran, 35 kantari ziren, gehienak auzotarrak. Gabon eta urte-zahar egunetan irteten ziren kantari auzoan zehar. Jendearen harrera ona jaso ostean, Santa Ageda eta Ibaetako festetan ere abesten hasi ziren.
Ordutik, geroz eta kide gehiago animatu dira abesbatzan parte hartzera. Gainera, prestaketa lanak sakondu eta kontzertuak ere eskaintzen dituzte: Parte Zaharreko San Bizente elizan, Antiguako Sebastian deunaren elizan, Artzain Ona elizan eta abar.