Gipuzkoako Artisten Elkarteak Aldapetan du egoitza.
Julia Lasagabaster eta Maite Carrillo. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Gipuzkoako Artisten Elkarteko kide dira Julia Lasagabaster (Amara, 1965) eta Maite Carrillo (Eskoriatza, 1968). Aldapeta kaleko espazioa beharrezkotzat jotzen dute, baita bertatik antolatzen dituzten jarduerak ere.
Aspalditik zarete Gipuzkoako Artisten Elkarteko kide?
Julia Lasagabaster (J. L.): Etapa desberdinetan egon naiz. Egoitza San Telmo Museoan zegoenean hasi nintzen, Jesus Gallego irakaslea zenean. Kanpora joan nintzen gero, ikastera, eta itzuli egin nintzen. Orain, grabatuen tailerrean nago batez ere. Elkartea ere baliatzen dut biluziak margotzeko, modeloen laguntzarekin. Gipuzkoan ez dago beste lekurik aukera hori eskaintzen. Bestalde, poesia talde bat sortu dugu, eta urtean behin lehiaketa bat egiten dugu, errezitaldi batekin, literatura eta arte plastikoak oinarri.
Maite Carrillo (M. C.): Elkartean 2012. urteaz geroztik nago. Espazio beharrengatik etortzen naiz honera. Urnietan badut nire espazioa, etxeko garajean, baina deserosoa da ingurukoentzat etxean ibiltzea. Hemen biluziak margotzen ditut batez ere, baina, horretaz gain, espazio hau oso interesgarria iruditzen zait artisten arteko bilgune bat delako. Beharrezkoa iruditzen zait zikindu, egon eta partekatzeko espazioak izatea. Ea Tabakalerarekin horretarako aukera dugun.
Bilgune bat izanik, nolakoa da artisten arteko harremana?
M. C.: Honako hau artista eta jakin-nahi desberdinen arteko elkargune gutxienetako bat da. Gauza interesgarriak antolatu ohi dituzte, zure ohiko proposamenetatik kanpo. Hortaz, gauza desberdinak egiteko aukera ematen dizu, beste ikuspuntu batetik. Gainera, artisten arteko lankidetza egonik, elkar elikatzen gara. Interesgarria da oso, hemen eta orain gauzak egiten ibiltzen diren artistekin harremanetan egoteko aukera izatea.
J. L.: Erakusketak egiteko aukera ere duzu elkartearen bitartez; egoitza honetan areto bat dago horretarako. Beste artistekin elkartzeko leku aproposa da egitasmo partekatuak egin ahal izateko, beste erakusketa areto batzuei begira.
M. C.: Nik duela gutxi egin nuen hemen erakusketa bat. Gustuko dut hemen egitea, lehen esan dudanarengatik: lanean ari diren beste artistekin feedback-a duzulako. Serie berri bat prestatzen ari naiz orain, ateratzen diren lekuetan erakusgai jartzeko.
J. L.: Beste artista batzuekin egoteak estimulu berriak pizten dizkigu. Bakarrik egonez gero, baliteke azkenean erretzea. Euren iritzia ematen dizun jendearekin egoteak, euren ikuspuntuaren berri izateak, estimulu berriak ematen dizkizu.
Nola bizi duzue artea?
M. C.: Marrazki eta arte plastikoetako eskola bateko irakaslea naiz, eta artea zaletasun bat baino gehiago da niretzat. Bakarrik egoteko nire modua da. Sortzen eta komunikatzen egotea beharrezkoa egiten zait. Margo bat eskuetan jarri zidaten lehen egunetik hasi nintzen margotzen, gaur arte. Etapa desberdinetatik igaro naiz. Pinturan edo marrazkigintzan ibili naiz zenbait garaitan. Euskarriekin esperimentatzen nabil orain; oihal hautsiekin, hariekin… Argazkigintza ere dut gustuko, baina hau zaletasun bezala ikusten dut, jolas bat.
J. L.: Ni, une honetan, lanik gabe nago, baina liburutegietan eta kultur etxeetan ibili naiz. Arteari dagokionez, izateko era bat da niretzat. Zerbait azaleratu nahi duzu, eta egin beharra duzu. Txikitatik margotzen dut, barruan daramazun zerbait da. Pintura, grabatuak eta poesia lantzen ditut. Une honetan, txorien etxeei buruzko proiektu batean murgilduta nago, talde batekin, bakoitza bere obrarekin. Poesia errezitaldiak egiteko asmoa dugu, erakusketekin lotuak, Loiolako kultur etxean.
Gipuzkoako Artisten Elkartea hasiberriei ere irekita dago?
M. C.: Hasteko leku bat izan daiteke, baina pertsona horrek bokazio indartsua eduki beharko luke. Gehienak ez gara honetaz bizi, baina maila profesionala dugu eta jakin-nahia sendoa.
J. L.: Mundu guztia etor daiteke, marrazten ez dakiena ere, hemen ikas dezakeelako. Leku ona da horretarako, egin ahala, artisten iritziak jasota, hobetu daitekeelako.
Hilabeteko lehen igandearen etorrerarekin, Bulebarrean azoka egin ohi du elkarteak. Zer iruditzen zaizue jarduera?
J. L.: Ni ere bertan egoten naiz, eta jendea bertatik igaro eta galderak egiten ditu. Batzuek erretratoak egiten ditugu, eta zenbaitetan zerbait saltzea lortzen dugu, zaila den arren. Oso ona da artea kalera irtetzea, jendeak ikus dezan.
M. C.: Lehen aipatutako feedback-aren harira beste urrats bat da. Horrela, artea kalean dago, museo batean edo gune itxi batean egon beharrean. Eta ez bakarrik hilabeteko lehen igandeetan; Olatu Talkari esker, esaterako, kalean ere egon gara. Jarduera hauek guztiek duten harreraren arabera, antzeko gehiago antolatzeko ilusioa piztu daiteke. Gogoa jendearen harrera onarekin elikatzen da.