51. Jazzaldiaren izen handienetako bat izango da Gloria Gaynor
51. Jazzaldia, eta jada lehen izarrak iragarri dituzte. Gloria Gaynor, 1970eko hamarkadaren amaieran mundu osora zabaldu zen disco musikaren ordezkari nabarmenetakoa Donostian izango da zuzenean. Jaialdiak beste artista hauen presentzia berretsi du: Diana Krall, Branford Marsalis Kurt Elling-ekin, Brad Mehldau John Scofield eta Mark Guiliana-rekin, Jan Garbarek, Steve Coleman, Marc Ribot and The Young Philadelphians, Ibrahim Maalouf eta Christian Scott.
Jazzaldiaren egitarau osoa otsailaren azken aldera iragarriko da, eta orduan jarriko dira sarrerak salgai.
Diana Krall jazzeko abeslaria berriz izango da Donostian, laukote baten buruan datorkigu oraingoan.
Branford Marsalis egungo jazzeko saxo tenor printzipaletakoa dugu eta gonbidatu berezi bat aurkeztuko du bere laukotearekin batera: Kurt Elling abeslaria, baritono oraindik gaztea, baina dagoeneko jazz estandarreko ahots handien tradizioaren parte bilakatu dena.
John Scofield gitarrista handiaren grooveak bat egingo du Brad Mehldau piano jotzailearen musikaltasun apartarekin, atzetik Mark Guilianaren erritmo indartsua dutela. Guiliana jazzeko bateriaren berritzaile handietako bat da eta David Bowie zendu berriaren azken diskoan –Blackstar– parte hartzen duelako egin da ezagun.
Jan Garbarek iparraldeko jazzaren zutabeetako bat da, ez da alferrik jazzeko izen handien –Keith Jarrett, adibidez– lankide eta inspiratzaile izan. Trilok Gurtu laukotean duela, Donostiara etorriko da bere artearen handitasuna erakustera.
Steve Coleman saxo altuaren jeinutzat dute. Korronte berri bat sortu du abangoardiako jazzaren barruan eta esan behar da Jazzaldiak hasieratik jarraitu duela hurbiletik haren ibilbide distiratsua. Five Elements taldearen edizio berri batekin dator heldutasun artistiko bete-betean.
Gitarrak eman duen talenturik handienetakoa dela diote Marc Ribot, modernoa eta aurreratua bere garairako. Proiektu ikusgarrien lider izan da, horien artean Phylly Soul –Filadelfiako soinua– delakoaren birsorkuntza hau, zeinaz gozatzeko aukera izan baitzuten donostiarrek duela ez asko Kursaalen emandako kontzertuan. Berarekin dakartza Jamaaladeen Tacuma eta Calvin Weston, bi musikari filadelfiar, Ornette Colemanen Prime Time Band taldean jo zutenak.
Ibrahim Maalouf Europako jazzeko izar berrietako bat da. Libanoar jatorriko frantses tronpeta-jotzaile hau jazzaren, arabiar musikaren eta musika garaikidearen eraginpean hezitako instrumentista bikainenen artean kokatzen dute.
Christian Scott ere tronpetaria da, baina honek New Orleansko jazzaren iturrietatik edan ostean –ez da alferrik han jaioa–, bere estilo propioa garatu du, harrotasun ukitu batekin, amerikar jazzeko joera berrien aitzindari izateko arriskua bere gain harturik.
Hurrengo uztailaren 20tik 25era egingo dute