Xabier Vazquez: 'Levant(at)e'
Xabier Vazquez, Realzalea
Astebukaera honetan bi aldiz pasa naiz Anoeta ingurutik. Levante urtean behin etortzen da, baina badirudi gogoko duela Anoeta. Antza, Anoetara egindako azken sei bisitetatik bostetan ez da esku hutsik atera talde valentziarra. Ez da batere balantze txarra, ez horixe.
Levantek Anoetan dituen zenbaki onak ez ezik, Realak hildakoak berpizteko duen joera eskuzabala ere aipatu behar. Alderantzizkoan ere badu, noski. Reala hilzorira doanetan biziberri apur bat ematen dion salbatzaile batekin egiten du topo, lehen bueltan Levante bera; eta goraka doanetan, eman dioten indar hori beharrean daudenei itzultzen die. Anoetan, baina larunbatean, baten batek egin moduan, neuk ere Biblia-ko pasarte bat erabili nahi dut. Lazaro, levantate y anda hura bilatu dut; baina, hara non, pasarte horri ez omen dagokio Lazaro izenekoari, baizik eta beste bati.
Zena zelakoa ere, Realak horixe bera esan zuen igandean Anoetan: Levant(at)e y anda. Ondorioz, oso pattal badarrai ere, Levantek itxaropen zipristintxo bat eraman zuen Anoetatik. Oiartzabal tematu zen, baloiak jarri eta jarri, baina Vela, Bruma eta enparauek argi zuten ez zegoela zertan Levante akabatu.
Egia da anda hori askorik ez zuela bete Levantek. Noizean behin korrikaldiren bat, baina gehienetan jokalariak bere arean geratu ziren lasai asko, baloiak atera eta atera. Realeko jokalari batek erdiratu bakoitzean (hitz berriren bat asmatu beharko dugu, izan ere, Realak baloia arearatu egiten du, baina erdiratu ez), hor ziren Levanteko bozpasei jokalari, eta aurretik beste hiru.
Iparbuseko autobusak ekarri zituen Anoetara, baina geroko guztirako nahikoa izan zuten levantarrek euren autobusarekin. Realekoek kale(ak) egin zituzten eta epaileak zirkulazioa ederki bideratu Levanteko autobusa berdinketara iristeko. Lurdeserako autobusa antolatuta ere, ez ziren osatuago aterako.