Mapa interaktibo bat sortu du Saretuz elkarteak eta eskuko telefonoetarako aplikazio batean egokitu du.
Saretuzek sortutako maparen aurkezpena egin dute Loiola kalean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kontsumo Kontziente eta eraldatzailearen aldeko sarea da
Saretuz. Hala, herritarren kontsumo ohituretan eragiteko asmoarekin, mapa interaktibo bat sortu du elkarteak.
Mapasaretuz.eus webgunean eta eskuko telefonoetarako aplikazio batean kontsulta daiteke mapa. Bertan, Donostiako dendak, jarduerak eta tokiak agertzen dira, hirian modu arduratsuan parte hartu, ezagutu, hezi, erosi, konpondu eta gozatzeko.
Datorren asteartean izango da Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna, eta horren baitan aurkeztu dute mapa. Tresna berria osatzeko laguntza izan du Saretuzek: Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapenerako Lankidetza saila eta Donostiako Udala.
Software askean garatu dute aplikazioa, Donostiako Hacmildegia eta Adibide Komunikazioaren eskutik. Doakoa da eta Play Store edo F-droid bitartez deskargatu daiteke android-erako, baita webgunetik bertatik ere IOS eta beste sistema eragileetarako.
Kontsumo Arduratsua definitzeko zortzi irizpide finkatu dituzte, baina aurrerago irizpide gehiago sartzeko asmoa dute. Saretuz osatzen duten erakundeak honakoak dira: Mugarik Gabe, Emaus Gizarte Fundazioa Taldea, Gabiltza, Mugarik Gabeko Albaitariak, Donostiako Bidezko Merkataritza taldea, Mugarik Gabeko Ekonomialariak-Economistas Sin Fronteras, AntiguaOtarrak, Calcuta Ondoan, Fundación Cristina Enea Fundazioa, Fiare Banka Etikoa, Ximaurpila, Banda Bat, Eco-design eta Goiener.