Gureak eta Axular Lizeoa elkarlanean, gaitasun mugatua duten pertsonak eskolatan nola integratu daitezkeen ikertzen ari dira; proiektuarekin batera diseinatu dituzten baliabideak Europako beste herrialde batzuetara zabalduko dituzte.
Lide Ferreira
LeGoP –Learning Good Practices– Europako Batasunean hezkuntza, formakuntza, gazteria eta kirola bultzatzen dituen Eramus Plus programaren barruan dago. Azken bi urteotan, Italia, Holanda eta Euskal Herriko bost erakunderen artean proiektu bat lantzen ari dira, tartean, Aieteko Axular Lizeoa ikastola eta Gureak taldea. Gaitasun mugatua duten pertsonen integrazioa eskolatan bultzatzen ari dira zein homofobia saihesten, eta horretarako baliabide digitalak lagungarriak izan daitezkela erakusten ari dira.
Egindako lan guztia hezkuntza profesionalentzako formakuntza programa batean islatuko dute, eskola irisgarriagoak oinarri izanda.
Gureak eta Axular Lizeoak lekukoa hartu zuten Bariko Salvemini Liceo, Elpendu (gaitasun mugatua duten pertsonei lan aukerak eskaintzen dizkien Italia hegoaldeko elkartea) eta GALErekin batera (homofobiaren aurkako sentsibilizazioan eskoletan lan egiten duen erakunde holandarra). Gainera, Amsterdameko Hyperion college eskolak programatutako hainbat jardueratan lagundu du.
Aniztasunari erantzuten
Proiektuan, Aieteko ikastolak aurkeztu ditu bere ikasleen aniztasunari erantzuna emateko erabiltzen ari den teknika pedagogikoak, baina baita sexu aniztasunaren inguruan Lahia-Nahia eta Gehiturekin batera garatzen ari den heziketa programak ere.
Gureak, bere aldetik, 40 urte daramatza gaitasun mugatua duten pertsonei lan aukera egonkorrak ematen. Hala, LeGoP proiektuan esperientzia hori guztia eskaintzen ari da.
Elkarlanaren adibide ikusgarriena izan da martxoan antolatu zuten irisgarritasun jardunaldia. Izan ere, Andia kalea hartu zuten, eta road show baten bitartez gaitasun urriari, irisgarritasunari eta teknologia berriei buruzko sentsibilizazio tailerrak egin zituzten. Bertan, esate baterako, itsu baten egoera bizitzeko aukera izan zuten herritarrek, eta euskal tradizioan oinarritutako irisgarritasun eta homofobiari buruzko dantza saio bat eskaini zuten Donostia, Italia zein Holandako ikasle guztiek.
Xabier Insausti, Axular Lizeoko irakaslea. (Argazkia: L.Ferreira)
XABIER INSAUSTI, Axular Lizeoko irakaslea: “Teknologiei esker, errazago eta ilusioarekin egiten dute aurrera”.Nolakoa izaten ari da proiektuaren esperientzia?
Hasiera izan zen gogorrena, diseinua zehaztea eta lan burokratiko guztia egitea. Baina behin hori pasata, elkarlanean aritu gara hiru herrien artean, eta oso baliagarria izaten ari da. Adibidez, bisitatu ditugu bai Holanda eta baita Italiako eskolak, bertako hezkuntza sistemak nolakoak diren ezagutzeko; eta beraiek ere Donostiara etorri dira. Hartu-eman oso aberasgarria izan da.
Zer ikasi duzue?
Hainbat gauzetan txukun gabiltzala ikusi dugu, lan polita egiten dela. Esaterako, Gureak taldea aztertzea eta beraiekin harremanetan egotea merezi du.
Bestalde, Holanda eta Italiatik asko ikasteko dugula ikusi dugu, euren ereduak hartu ditzakegula. Guk pentsatzen dugu gurea ohikoena dela. Baina Holandan, adibidez, eskolak oso desberdin daude antolatuta. Hemen gelak itxiak dira, eta, han, berriz, gelek beirate handi bat dute, eta kanpotik dena ikus daiteke. Horrek harritu ninduen. Horrelako heziketa sistemak aplikatzea pertsonalki oso interesgarria iruditzen zait.
Behar bereziak dituzten pertsonak nola lagundu daitezke?
Beti dugu hori buruan, ikasle horiei nola erantzun, nola eman behar dutena. Argi dago saiatzen garela, baina guk gela batean 30 lagun ditugu, eta zaila da. Hori ari gara aztertzen, eta ikusi dugu beste herrialdetan baliabide gehiago dauzkatela, hobeto antolatuta daudela, gizartea bera inplikatuagoa dagoela… Beraz, nik uste dut hainbat gauza ikasi behar ditugula. Eta beste gauza batzuk ere erakutsi. Euskal Herrian gauza asko ondo egiten ditugu, baina askotan ez ditugu erakusten, gure barruan geratzen dira. Baina esportatu behar ditugu, eta harro egon.
Axular Lizeoan nola lantzen dituzue behar berezi horiek?
Ikastolako gela guztietan dago pertsonaren bat duena behar bereziren bat. Baina berdin dio bat edo hamar edukitzea, bakoitza pertsona bat da, eta bere denbora eskaini behar zaio. Horiei laguntzen ahalegintzen gara, beste ikasleei bezala.
Duela urte batzuk proiektu aintzandari bat abian jarri genuen. Hala, teknologia berriekin hornitu genuen gela bat, aniztasun horri erantzun bat emateko. Egia esan, emaitza onak ematen ari da, eta, nik uste dut, gazte horientzako ikasteko beste modu bat dela. Ikastolako psikologia sailak eta hainbat irakaslek pertsona bakoitzarekin zer egin daitekeen zehaztu dute. Garrantzitsuena da pertsona horiek, teknologiei esker, errazago eta ilusioarekin egiten dutela aurrera.
Zein ondorio izango ditu elkarlanak?
Produktu batzuk atera zaizkigula esan daiteke. Hasteko, bizipen-produktua: beste herrietara joatea, hango hezkuntza ezagutzea, hori ikastea… Bigarrenik, enpresa guztien artean ikastaro bat antolatu dugu: homofobiaren kontrako heziketa nola landu beharko litzatekeen eskolatan. Horretarako, plataforma birtual bat baten bitartez sortu dugu ikastaroa, irakasleei formakuntza eskaintzeko modukoa izango dena. Orain diseinu fasean gaude, eta urte amaieran amaituko dugu. Produktua irekia izango da, Europako eskolei zuzenduta, eta lau hizkuntzatan egongo da eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz.
Toolkit izeneko tresna bat ere sortu dugu. Horren bidez zehazten da behar bereziak dituzten pertsonei nola aplikatu teknologia. Erramienta sorta bat dago, dokumentazioarekin, ikastetxe zein enpresetan aplikatu dezaten.
Azken helburua zein da?
Aztertu eta diseinatu dugun guztia komunitatearen eskura jartzea, erakustea eta erabiltzea. Aitorpen handiena da jakitea beste herrietan ere erabiliko dutela, partekatuko dugula.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Urrats handiak egin ditugu, baina oraindik lana dugu egiteko. Nola? Beraiek protagonista bihurtuta eta tresnak emanda.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea