Zezenketen inguruko galdeketak ekainean izango du data
Irailean izango dela uste du Eneko Goia alkateak.
Donostia Antitaurina Orain plataformak 10.000 sinadura aurkeztu zituen joan den hilabetean udaletxean. Zezenketen inguruko galdeketa bat egitea da euren nahia, eta ahal bada Aste Nagusia baino lehen.
Dirudienez, hori ez da posible izango, baina prozedurak aurrera darrai. Gehiago aurkeztu arren, hirian erroldatutako 16 urtez gorako herritarren %5en sinadura behar zituzten prozedura abiatzeko; 8.063 sinadura. Donostiako Udalak sinadurak baliozkotu ditu, eta 8.986 sinadura onartu ditu. Beraz, izapideekin jarraituko dute.
Apirilaren 15a kontuan hartuta, udalak 60 eguneko epea du erabaki bat emateko. Eneko Goia alkateak adierazi duenez, galdeketa prozesuarekin “naturaltasun osoz” jarraituko dute. Hortaz, ekainaren erdialdean zehaztuko du udalak galdeketaren data. Gutxienez 60 egun eta gehienez 90 egunen buruan egin beharko litzateke galdeketa; iraila da Goiak nabarmendu duen epea.
Galdeketa Aste Nagusia baino lehen “nekez” egin daitekeela uste du Goiak. Dena dela, aurtengo zezenketak egingo direla berretsi du, Chopera enpresak Illunbe alokatzeko egindako eskaera apirilean jaso zutelako; “eskaera bati erantzuteko ez dago uztaila arte itxaroterik”.
Choperak hiru urterako eskaera egin arren, udalak aurtengo erabilera eman dio soilik, datozen urteetako erabilera galdeketaren emaitzak baldintzatuko baitu.
Zezenketen inguruko erabakia “oso garrantzitsua” izango dela nabarmendu du Goiak; “presaka hartzerik ez dagona”. Horregatik, legezko pausoak emanda hartu nahi ditu udalak erabakiak. Izan ere, loteslea ez izan arren, galdeketaren emaitzak aintzat hartuko dituztela aurreratu du alkateak: “aurtengo udararako berandu gabiltza, baina 2017rako jakingo dugu herritarren nahia zezenketen inguruan”.