Kaiko 50. eta 60. hamarkadako arrantza jarduera egungo egoerarekin alderatu du Iñigo Salaberria artistak, Labore programaren barruan; zazpi testigantza baliatu ditu ikus-entzunezkoa osatzeko.
Iñigo Salaberria artista, erdian, ikus-entzunezkoan parte hartu duten Manuel Oliden eta Trinido Vaquerizarekin. (Argazkia: L.Ferreira)
Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Donostiako Museo Sareak antolatutako programa da Labore. Helburua da hainbat artistek hiriko museoetan euren proiektuak garatzea. Bada, batzuk euren azken fasean daude jada; Iñigo Salaberria, tartean. Artistak bere ikus-entzunezkoaren aurrerapena aurkeztu du Ontzi Museoan,
Kaia izenburupean.
Filmak 50-60. hamarkadako Donostiako Kaiko arrantza jarduera egungo egoerarekin alderatzen du. Modu horretan, Salaberriak
Gentes de Mar (Carlos de los LLanos, 1957) dokumentaleko irudiak hautatu eta elkarrizketekin tartekatu ditu. Horretarako, kaiarekin harremana izan duten pertsonei egin dizkie elkarrizketak: Guillerma Iturriza, Edurne Emezabal, Ivan Burgaña, Joxean eta Miguel Vaqueriza anaiak, Manuel Oliden eta Trinido Vaqueriza.
«Proiektua ustekabean atera zen. Egunkarian irakurri nuen Euskadiko Filmategiak Kaian filmatutako 1957. urteko dokumental bat berreskuratu zuela, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Hemezortzi urtez bizi izan naiz Parte Zaharrean, eta interesa piztu zitzaidan dokumentalarekin», azaldu du Salaberriak.
Lehen plano ugari
Hala, bi gauzetaz ohartu zen. Alde batetik, oso ongi zuzenduta, planteatuta eta editatua zegoela ikusi zuen. Eta, bestetik, konturatu zen zuzendariak lehen plano ugari erabiltzen zituela, «identifikatzen errazak izango liratekeen pertsonen bitartez».
Labore programaren berri izan zuenean, ideia berreskuratu, eta lanean jarri zen. «Hitzari eman nahi izan diot garrantzia, protagonistek kontatzen dutenari», esan du artistak. Horrela, lekukotasun horien bidez ikusleari azaldu nahi dio arrantzak hirian izan duen garapena, «eta nola joan den hondatzen, egun ia existitzen ez den arte».
Bada, protagonista guzti horiekin solasaldiak izan ditu artista donostiarrak, eta igarotako garaien inguruko oroitzapenak, memoriak eta aipamenak gogora ekarri dituzte.
Proiektua oraindik behin-behinekoa den arren, aurrera begira, asko gustatuko litzaioke Ontzi museoaren kanpoaldean jartzea: «Museoaren fatxadan maindire moduko batzuk jarriko nituzke, eta jendeari gonbitea egingo nioke filma ikustera etortzeko, oihaletan proiektatzen dena ikusteko. Modu sinboliko batean nabarmendu nahi dut zintzilik dagoen arropa Kaiko elementu bereizgarria izan dela, eta hiriaren memoriaren parte dela», amaitu du Salaberriak.
Hamabi urterekin itsasora
Manuel Oliden eta Trinido Vaqueriza dira ikus-entzunezkoan parte hartu duten pertsonetako bi. Salaberriaren aurrerapena gustatu zaie, eta bizitako garaiak gogoratzeko aukera izan dutela adierazi dute.
«Hamalau urte arte ezin zen itsasora joan, baina niri hamabi urterekin agiri moduko bat lortu zidaten, eta halaxe hasi nintzen. Hori bai, aitak baldintza bat jarri zidan: egunero, itsasotik bueltatzen nintzenean, ikastera joan behar nintzela agindu zidan aitak», kontatu du Olidenek.
Hamasei urterekin, hainbat ziurtagiri lortu zituen: ontzi-mekanikaria eta yate patroia izateko ahalbidetzen zizkietenak. Orotara, 45 urte arrantzale gisa egin ditu, eta Donostiako Arrantzaleen Kofradiako presidente ere izan da, 28 urtetan zehar. «Lagun batekin batera hasi nintzenean, bapore berriak ekarri genituen, xaflazkoak. Urte batzuetan ez ginen oso ondo ibili atunetan, baina gero ikasi genuen eta ondo joan zitzaigun», azaldu du Olidenek.
Trinido Vaqueriza, berriz, ez da arrantzalea izan, baina «familia eta arbaso guztiak» itsasoan izan zituen lanean, eta berarentzako amets moduko bat zen: «Nire aitak teoria bat zeukan, eta zaparradak hartzeko eta itotzeko nahikoa zela berarekin esaten zuen. Itsasoko jendearekin hitz egin zuen, eta denek gomendatu zioten arrantzale izateko ideia niri burutik kentzeko. Orain, obedientea izatea eskertzen dut, irabazten atera naiz, bizimodua hobeagoa daukat».
Hala ere, Kaiko giroa besteak bezala bizi izan du, eta gogoan ditu hainbat pasadizo: «Bermeon fraide bat zegoen, eta harek itsasontziak aztertzen zituen, mediku batek bezala. Akatsen bat bazegoen, berehala konturatzen zen. Lagungarria zen, zenbait kaltek arraiak harrapatzea zailtzen zutelako», esan du Vaquerizak.
Norbait hiltzen zenean, arrantza munduak bere moduan dolua adierazten zuela gogoratu du Vaquerizak: «Nire aitona hil zenean, adibidez, bere txalupa,
Santa Teresita de Jesus, beltzez margotu zuten erabat».