Xabier Lopetegi: 'Nagusi infiltratua'
Xabier Lopetegi; kazetaria
Logika ikusten diot Xabier Vazquezek joan den asteko Futbologian plazaratutako hipotesiari. Eta berehala bururatu zait konponbidea: jokalariei, beraien soldata finkoaz gain, helburuen araberako kopuru gehigarri bat ordaintzea.
Gero ordea, akordatu naiz dagoeneko egiten dela hori, alegia, lorpen bereziak gertu daudenean, gainsari potoloak negoziatzen dituztela jokalariek presidentearekin.
Eta hortik beste ondorio bat atera dut: Realeko mutilak gustura daudela kobratzen dutenarekin, eta gehiago irabazteko aukerak ez diela aparteko irrikarik sortzen.
Soilik horrela ulertzen da zergatik ez diogun aspaldian titulu bati usainik hartu, A-8-aren beste aldekoek ez bezala.
Oparotasunaren keriak dira. Zerbaitek huts egiten du etxe barruan, eta komeni da jakitea zerk. Horretarako, badut nire ekarpentxoa. Nagusi infiltratua telebista saiokoei deitu, antolatu dezaten programa bat Realean. Ezagutu ahal ditzagun Zubietako tripak, nondik-norakoak eta, egotekotan, mixeriak. Mozorrotu dadila Aperribai –hori ikusteak soilik badu bere xarma–, anonimotasunaz baliatuta, bakoitza bere lekuan jartzeko.
Urrunegi joan gabe, badugu antzeko esperientziarik. GBCko presidente Nekane Arzallusek ez zuen arazorik izan bere kluba hobeto ezagutu nahi horretan kamuflatzeko. Honi esker, jakin ahal izan genuen Gipu maskotaren trajea traputarako dagoela, dantzariek eta boluntarioek sekulako zailtasunak dituztela, edota delegatua iritsi ezinda dabilela, eta garbigailu berria behar duela. Saiakera, ordea, erdibidean gelditu zen. Klubeko kide apalenei egindako eskertza gisa planteatu zen saioa. Baina jokalarien, idazkaritza teknikoaren, edota zuzendaritzaren arrastorik ez zen ageri. Ardura gehien dutenak, beraz, onik atera ziren.
Realarentzat, horrek ezingo du balio. Erabateko biluztea da nik proposatzen dudana. Argitara ematea klubaren egunerokoa, ezer ezkutatu gabe. Horrela, jakin ahal izango genuke zertan ematen duen eguna Lorenek; nola egiten duen Javi Perezek fitxaketen jarraipena; nola aritzen den inolako azalpenak ematen ez dituen medikua; edota zer egin duen Velak, bere kasa aritzeaz eta futbolerako bizi ez izateaz harro ageri den jokalariak, Realeko kapitainaren besokoa merezi izateko. Batek daki, Demetradze zeinek fitxatu zuen argitzeko balio lezake. Jokalariak elkarrizketatzea mirari bihurtzen ari den honetan, gardentasun apur bat ez lioke inolako kalterik egingo klubari.
Aurtengo Ligako misterioa ere argitzen lagunduko luke saiakerak. Argi dago taldeak estuasunaren akuilua behar izan duela bere lehiakortasuna erakusteko, eta ez dela gai izan zaleek eskatzen zioten mailara gerturatzeko.
Sailkapeneko ur epeletan sartu den bakoitzean, loak hartu du. Hobeto aritu da oilarren aurka Ligako apalenen aurka baino, eta horrek frogatzen du arazoa, neurri handi batean, buruan dagoela, eta ez hainbeste zangoetan edo kalitate faltan. Eibarko porrotak gidoi horri jarraipena besterik ez zion eman: UEFA gertuago zegoenean taldeak berea eman ez bazuen, zer espero zitekeen jokoan ezer ez dagoenean? Ea azken txanpa honetan itxuratzeko gai den.