Maiatzaren 3tik 14ra egingo dute aurten Literaktum jaialdia
Donostiakultura.com webgunean eskura daiteke. Eta baita jaialdiaren inguruko bloga ere. Aurten Aritz Gorrotxategik idatziko du egun bakoitzaren kronika.
Literatura da aitzakia, eta narratiba izango da aurtengo protagonista, baina Literaktum jaialdia anitza da, zabala eta aberatsa. Literatura aitzakiatzat hartuta, gaur egungo idazleekin aurrez aurreko solasaldiak egiteko, musikaz eta irakurketa publikoez gozatzeko, edota hiriko literatur ibilbideak ezagutzeko aukera eskaintzen du jaialdiak.
Maiatzaren 3tik 14ra bitartean ospatuko da, eta 20 jardueratik gora prestatu dituzte. Jarduera horietan 40 bat gonbidatuk hartuko dute parte, izen handikoak horietako gehienak.
Sare moduan antolatu dute jaialdia, hiriko hainbat gune hartuz: Okendo, Ernest Lluch, Tomasene, Aiete eta Lugaritz kultur etxeak, Liburutegi Nagusia, Alderdi Ederren jarriko duten Irakurgunea, San Telmo Museoa, Koldo Mitxelena kurturgunea eta hiriko zenbait liburu denda ere agertoki izango dira.
Aurten gainera, hiriko mugak zeharkatu eta Asteasuraino luzatuko da Literaktum jaialdia, Bernardo Atxaga gidari duen Muskerraren Bidea proiektua erakutsiko baitute.
Hizkuntza aniztasunari keinu eginez, euskaraz, gazteleraz, ingelesez, galegoz eta zeinu hizkuntzan ere eskainiko dituzte jarduerak.
Bestalde, Cervantes eta Shakespeare hil zireneko laugarren mendeurrena betetzen da aurten, eta omenaldia egingo diete bi idazleei. Hala, jaialdira gonbidatu dituzten idazleek beren obraren zatiren bat irakurriz amaituko dute euren saioa.
Liburu dendak, berriz, kafetegi bihurtuko dira. Zozketa bidez hautatutako irakurle talde batek idazle batekin hizketaldi bat izateko aukera izango du, kafe bat hartu bitartean. Maiatzaren 3an, Juan Jose Millas izango da Hontza liburu dendan. Eta maiatzaren 4an, Elvira Lindo, Elkar liburu dendan.
Garoa liburu dendan, berriz, Manuel Rivas eta Ixiar Rozas idazleen arteko literatur topaketa egingo dute maiatzaren 12an, letra galego eta euskal letretan barrena.
Jaialdiaren egitarau osoa