Uliako bizilagunek bilera ireki bat egingo dute hurrengo pausoak zehazteko
Udal gobernuak Uliako mintegien inguruko herri kontsultari bidea itxi izanak, beste kolpe bat eman die uliatarrei. Asko dira egunero egunero boluntarioki lanean diharduten auzotarrak, eta euren esfortzua deuseztu dietela sentitzen dute.
Parkea bera ez ezik, Uliako Lore Baratzak proiektuaren bidez bertan garatzen ari diren proiektua ere mantendu nahi du Uliako auzo elkarteak. Baina lan neketsua dela aitortzen dute, “eta are neketsuagoa erakundeen aldeko babesik ez duzunean”, dio Leire Rodriguez, auzo elkarteko kideak.
Mintegi zaharretan 70 etxebizitza egiteko hirigintza planari aurre egiteko, parkeko jarduna areagotzea izan da uliatarren erantzuna. Egungo egoera baloratu eta hemendik aurrera zein bide hartu erabakitzeko bilera irekia egingo dute gaur arratsaldean parkean bertan, 16:00etan.
Auzotar izan ala ez, mintegiak babesteko borondatea duen donostiar orori luzatu diete bileran parte hartzeko gonbita.