'Kapitalaren kulturak itsasoa ere pribatizatu du'
Gaur Donostiako kaian egin duten ekintzaren irakurketa:
Donostiako kaia, hirian ematen ari diren aldaketa guztien ispilua daitekeen guda-zelaia bilakatu dute. Kapitala eta biziaren arteko guda, komunitatea eta jabego/interes pribatua aurrez aurre jartzen dituen gatazkaren adierazle argia. Ordea, gatazka oro estaltzen eta itsura-aldatzen duen Europako Kultur Hiriburutzaren leloak alderik alde zeharkaturik gara: elkarrekin bizitzeko kultura. Itsasoari begira bizi izan da Donostia, eta itsasoari egiten dio keinua DSS.2016.EU-ak darabilen hizkerak. Itsasoarekin harremanean ehundutako hitzak kontsumitzen ditugu, aurrerabidearen izenean itsas munduko tradizio/ohiturak zein itsas mundu horretako lan-paisaiak ezabatzen dizkiguten bitartean. Gurean egin izan den arrantza ez da sektore ekonomiko soila, errotutako kultura balioa ere bada. Inguruarekin eta ingurukoekin harmonian garatu den kultura, eta ondorioz, komunitateak espazioaz egin duen erabilera ere halakoa izan da.
Itsasoari begira eta itsasora emana bizi izan da Donostia. Arrantza, merkataritza eta korsua. Itsasora zabaldu izan gara eta itsasoak egin izan gaitu, eta Donostia, kaia hiri bilbearekin lotura estuan mantendu duen Kantauriko kostaldeko hiri bakarrenen artean aurkitzen da. Edo zen. Duela ez asko, arrantzaren eguneroko produktua zuzenean kontsumitzen zuen merkatu zabala geneukan. Baina arau eta interes urrutiko eta arrotzek, hauetarik asko Europa deritzon merkatua eratu duten erakundeetatik sortuak, sostenga-ezin egin dute gertuko arrantzaren jarduera. Ontzien eta portuen arteko lehiakortasunak ezaugarritu izan dute gurean arrantza. Merkatu globalak eta egungo nabigazio mapa politikoak, ordea, lehiakideak aurkari bilakatu eta hauek milaka kilometrotara lekutu ditu. Arrantza gaitasun suntsitzaileko ontziek dute gobernatzen itsasoa, guziaren gainetik errentagarritasuna lortu asmo duten lurreko enpresek dutelarik agintzen. Gure arrandegietan erosten dugun arrainak geroz eta urrunago du jatorria, eta egun Gasteizko Foronda aireportua dugu euskal arrantza porturik handiena.
2012ko abenduan itxi zuten Donostiako Arrantzale Kofradiaren lonja. Zorrak itota geratu zen, Eusko Jaurlaritzak arrantzaleekin adostutako bideragarritasun plana abiarazi ez zuelako. Bien bitartean, behinola arrantza portu izandakoa kirol portuaren bitartez aisialdiko eremu elitista bilakatzeko asmo interesatuak ekinean dira. Hamar urtetik gora dira herritarrei Erdiko Moilatik paseatzea galarazten dien debekuaz. Debekatua da, baita ere, kaiko uretan bainua hartzea. Ahaztu gabe espazioaren erabilera komunitarioa ahalbidetzen duten jai eta ospakizun herrikoi ezberdinei erakundeetatik jartzen zaizkien trabak. Urtetik urtera areagotzen diren oztopoak. Kapitalaren kulturak askotariko erabilera izan duen eremua pribatizatzen du.
Ez gaude, berriro ere, donostiarrokin hitzartua ez den egitasmo baten mesedetan, intentzionalitate osoz hartzen ari diren neurri gehiago onartzeko prest. Donostiako kaia, kaiko auzotarrena eta donostiar ororen izatea nahi dugu, ez Donostiaren erdigunean aparkaleku bat izan nahi duten gutxi horiena. Kaiako eremua erabilera komunitariokoa izatearen alde egiten dugu. Arribatzeko ez ezik, bizitzeko, arrantzarako, paseorako, bainurako eta baita festarako izango den kaia nahi dugulako.
Eta gaur, 2016ko maiatzaren lehenean eta Europako Kapitalaren Hiriburutik, herri-langileak, langabetuok, lan egin nahi ez dugunok, herritartzat ez gaituzten jatorri eta egoera ezberdinetako pertsonok…Donostiaren eraldaketaren erdigunean behar dugula aldarrikatzen dugu. Eta praktika komunitarioaren bidez aldarria gauzatu. Gaur, 2016ko maiatzaren lehenean, pribatizazio prozesu lotsagarri baten kalteak pairatzen ari den eremuan, hiri-eredua eta kapitalismoaren askotariko zanpaketei buruzko gogoeta-kolektiboan beste urrats bat ematen dugu. Hauxe da ekimenera batu garen eragile eta norbanakoen asmoa. Hauxe egunean zehar antolatu dugun egitarauak bete asmo duen helburua.