Amara Berriko karmenek hogei urte beteko dituzte aurten. Indartsu daude, baina egitaraua berrikusi eta jarduera berriak egiteko laguntza behar du jai batzordeak.
Amara Berriko karmenetako jaiak, iaz. (Argazkia: Lide Ferreira)
Auzoko festak maite dituzte, eta irribarrea pizten zaie karmengo jaiei buruz hitz egiten dutenean. Jada aurtengo egitaraua josten hasi dira
Amara Berriko jai batzordean: uztailaren 15etik 17ra murgilduko dira jaietan.
Ilusioz gainezka ari dira lanean, baina urte asko daramate jaien antolakuntzan, eta laguntza behar dutela adierazi dute.
Karmengo jaiak prestatzeko eta laguntzeko prest dagoen jendea behar dute: «Zortzi lagun inguru gaude jai batzordean, eta urte asko eman ditugu antolakuntzan. Laguntza behar dugu. Ideia eta proposamen berriak ekartzeko prest dauden auzotarren babesa beharko genuke», azaldu du Iñaki Olasagasti jai batzordeko kide eta auzo elkarteko presidenteak.
Amara Berriko Karmengo jaietan lan taldeak sortzea gustatuko litzaiekeela azaldu du Miguel Prieto kideak: «Guk jai batzordean pentsatu ditugun jarduerak egin ahal izateko ere, auzotar gehiagoren laguntza behar dugu. Izugarria izango zen lan taldeak sortu eta bakoitzak programako atal bat osatzea».
Jaiei buruzko bilera irekia
Gutxi falta da jaiak iristeko, eta lehenbailehen behar dute bultzadatxo bat. Jaien inguruan hitz egiteko, eta jai batzordera jende gehiago erakartzeko, bilera batera deitu dituzte auzotar guztiak. Maiatzaren 11n (19:30) elkartuko dira, Marzelino Soroa plazan duten egoitzan.
Egitarauan nabaritzen duten hutsune handiena gazteentzako jarduerena dela diote, eta auzotar gazteak animatu dituzte bileran parte hartzera: «Garrantzitsua da askotariko jendea etortzea bilerara, programa zabalago bat egin, eta denon gustuko jaiak egin ahal izateko. Guk urte asko daramagu jaiak egiten, eta beharbada ordua iritsi da orain arte egin duguna goitik behera errepasatzeko eta aldaketa eragiteko».
Aurtengo jaietan haur danborrada egiteko asmoa dute, eta jada auzoko eskola guztietan zabaldu dute bertan parte hartzeko deialdia. Amaiur parkean piknik edo erromeria moduko bat prestatu nahi dute, eta herri kirolekin lotutako erakustaldi bat programatu. Gregorio Ordoñez kalean egin ohi duten longboard lehiaketarekin aurrera egin nahi dute, urtetik urtera arrakasta handiagoa lortzen ari dela baitiote.
Bi hamarkada bete dituzte auzoa girotzen, eta festak ospatzen. Amara Berri hazten hasi, eta Amara Osinaga sortu zenean jaio ziren karmen jaiak: «Ikasbide kultur elkarteak San Joan jaiak antolatzen zituen ekainean. Auzoko gune berrian, ordea, ez zegoen ezer».
Festak zein egunetan egin erabakitzea erraza izan zela azaldu du Olasagastik: «Auzoko kaleen izenak izan ziren gure inspirazio iturria. Donostiako itsas historiarekin lotutakoak dira gehienak. Baleazaleak, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra, Gran Soleko arrantzaleak… Eta horrela erabaki genuen karmenak ospatzea». Auzoko jaien irudia ere, itsasoarekin lotura dago: Karmentxu balea da Amara Berriko karmenetako ikurra. Duela bi urte sortu zuten, eta auzotar guztien artean erabaki zuten bere izena.