Donostiak hiru modalitateetan parte hartuko du: esku pilotan, palan eta zesta puntan. Eskuzko lehian, Altzo izango da hiriko ordezkarien lehen aurkaria, Atano III.a pilotalekuan.
2014ko esku pilotako finaleko irudia. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa hastear da, igande honetan bertan, maiatzaren 8an, jokatuko baitituzte lehen partidak. Aurreko urteetan bezala, hiru modalitatetan jokatuko dituzte lehiak: esku pilota, pala eta zesta punta. Hiruretan parte hartuko du Donostiak, eta, betiko moduan, ikusmin gehien sortuko dutenak izango dira esku pilota norgehiagokak.
Hain zuzen ere, esku pilota izango da partaide gehien bilduko dituen modalitatea. Guztira, 24 herrik parte hartuko dute; horietako 18 lehen fasean arituko dira, eta hauek izango dira joaneko partidak: Arrasate-Aia; Donostia-Altzo; Errenteria-Andoain; Oñati Zumarraga; Bergara-Lasarte Oria; Asteasu-Zestoa; Lezo-Aduna; Ataun-Lazkao; Usurbil-Bidania Goiatz. Itzulerako lehiak maiatzaren 15ean jokatuko dituzte.
Donostiak etxean jokatuko du joanekoa, Altzoren aurka, 11:00etan, Atano III.ean. Irabazten badu, hurrengo fasean Zizurkil izango du aurrez aurre. Izan ere, aurrera egitea lortzen duten bederatzi taldeek jokatuko dituzte final-zortzirenak, maiatzaren 22an eta 29an. Fase horretan herri hauek izango dituzte zain: Azkoitia, Zizurkil, Astigarraga, Tolosa, Azpeitia, Oiartzun eta Hernani. Ondoren; final laurdenak jokatuko dituzte, ekainaren 5ean eta 12an; finalerdiak, ekainaren 19an eta 26an; eta finala, uztailaren 3an. Kadete, jubenil eta nagusi mailetan jokatuko dute partida bana egun bakoitzean.
Donostiak 2014an jantzi zuen txapela azkenekoz, eta, iaz, lehen kanporaketan kaleratu zuen Beasainek; joanekoan eta itzulerakoan, 2-0 gailendu zen Beasain.
Erramintekin, gutxiago
Palari dagokionean, zortzi partaide arituko dira, eta hauek izango dira lehen partidak: Donostia-Andoain, Olaberria-Oiartzun, Deba-Lazkao eta Ordizia-Errenteria. Lau garaileek jokatuko dituzte finalerdiak, maiatzearen 22an eta 29an. Finala ekainaren 5ean izango da.
Iaz Donostia izan zen txapelduna eta Andoainen aurka jokatu zuen finala, bere aurtengo lehen aurkaria. Paleta larruz 35-21 gailendu ziren etxekoak, eta pala motzean, berriz, 40-37.
Donostiak urtero parte hartu du pala txapelketan, eta zazpi aldiz izan da txapelduna. Beste sei txandatan bigarren postuan geratu da.
Zesta-puntan hiru talde bakarrik arituko dira: Donostia, Zumaia eta Mutriku. Donostia eta Zumaia izango dira lehen aurkariak igandean, Karmelo Balda frontoain. Iaz Mutrikuk kanporatu zuen Donostia, seigarren jardunaldian.