Burgosko elkarteak mende bat bete du aurten. Urte hauetan guztietan gora-behera asko izan dituzten arren, elkarte sendoa, berritua eta oso sortzailea da gaur egun. Grosen dute egoitza, baina Burgosen bihotz zati bat.
Burgosko etxeko antzerki taldea, 1927. urtean. (Burgosko etxea)
Bizimodu hobe baten bideari jarraituz izan dira betidanik jende migrazioak. Sorterria atzean utzi, eta bizitoki, lan aukera edo bizi kalitate hobe baten bila abiatutako gazteak, familia osoak. Horixe historian zehar izan diren jende oldeen abiapuntua.
Baina arbasoen aztarna nekez ahaztu ohi da, edonon egonda ere. Herritarrak, sorterria, jatorri bera zuten lagun horiek guztiak bilduta sortu zuten
1916ko ekainaren 18an Donostiako Burgosko elkartea. Gipuzkoan bizi ziren
203 burgostarren sinadurak bildu zituzten topagunearen lehen harria jartzeko.
Prim kaleko etxabe txiki batean egokitu zuten lehen egoitza, baina Gaztela Leoitik kostaldera etortzearekin nahikoa ez, eta hara eta hona ibili izan dira hirian bertan ere.
1917an Errioxako elkartearekin partekatu zuten lokala Parte Zaharrean, Enbeltran kalean. Handik San Martzial kaleko Madril hotelaren beheko solairura aldatu ziren, eta hilabete batzuren ostean, Idiakez kalera. 1924. urtean Agirre Miramon kalean kokatu ziren, eta handik bi urtera, Euskal Herria kalera; gaur egun Kresala elkartearen egoitzara.
Hauxe izan da Burgosko elkarteak izan duen kokalekurik luzeena, 1926tik 1963raino, hain zuzen ere. Ondoren etorri ziren Jauregi Jeneralaren kaleko egoitza eta Aldamar kalekoa. Eta azkenik, 1999tik hona, Grosen daude, Bermingham kalean.
Gaur egun
205 bazkide ditu Burgosko elkarteak. Eta leku egokia aurkitzeak lanak eman bazizkien ere, hirian errotzeak eman ditu bere emaitzak.
Izan ere, bazkide horietatik gehienak hemen jaiotakoak dira. Zehazki, 46 dira soilik Burgosen jaiotakoak; 28 Gaztela eta Leoiko beste herri batzuetakoak; eta 101 Gipuzkoan jaioak.
Zuzendaritza talde batek gidatu izan du beti elkartea; ehun urtean 40 lehendakari izan dituzte. Gaur egun, Jose Luis Garciak egiten ditu gidari lanak.
Karta jokuan, Burgosko elkartean, Bermingham kalean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Elkarte aberatsa
Gastronomia elkarte baten gisan zerbitzua eskaintzeaz gain, hainbat jarduera ere antolatzen dituzte urte guztian zehar: San Sebastian bezperako afaria eta danborrada urtea gogotsu hasteko; otsailean, barrikak; garagardo azoka, apirilean; San Pedro eta San Pablo jaiak, ekainean, gainerako eskualde-etxe eta gastronomia elkarteetako ordezkariekin batera; mahai joko txapelketa eta babarrun jatea azaroan; eta San Tomas eguna abenduan, nola ez.
Hala ere, mende bat ez da edonola igarotzen, eta aurtengoa ospakizunetarako urtea izango dute Burgosko elkarteko kideek. Aste kulturala egin berri dute, esaterako, eta maiatzaren 29an Eskualde-etxeen egunean parte hartuko dute Konstituzio plazan egin ohi den jaian.
Mendeurreneko bazkari berezia, berriz, ekainaren 19an egingo dute Antiguako Tenis klubeko jatetxean.
Mapan begiratuta ez daude hain urrun Donostia eta Burgos; elkartean sartuta ere ez.