Donostiako auzo eta herrietako jai batzordeen izenean
Gipuzkoako hiriburu izateak ekartzen dion nortasunaz gain, Donostia osatzen duten auzo eta herriek ere zeresan handia dute donostiarren nortasuna edo izaera eraikitzerakoan. Azken batean, donostiarren eguneroko bizitza auzo eta herri horietan gauzatzen da, baina askotan auzo eta herrien garrantzia ahaztu egiten zaigula dirudi. Hiriaren handitasunaren barnean, txikitasunetik edota tokikotasunetik lanean dihardugunoi albo batera uzten gaituztela sentitu ohi dugu maiz. Gaur, hemen, Donostiako auzo eta herrietako jai batzordeak bildu gara salaketa bat egin nahian.
2016. urtea Donostiarentzat berezia omen da, Europako Kultur Hiriburutza dela eta. Proiektu honen izenean, urte osoan zehar kultur ekimenen eskaintza zabala dago. Kontua da urtero kultur ekimenak antolatzen gabiltzanon lana ez dela kontuan hartu 2016. Urte berezi honetan. Donostiako auzo eta herrietako jai batzordeontzat urte hau besteak baino katramilatsuagoa izango da; izan ere, urte berezi honen izenean, diru-laguntzak eskatzeko epea aurreratu izanagatik, 4 jai batzordek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
Egoera honen aurrean, Donostiako Udalak eskainitako irtenbide bakarra gure artean konpontzea izan da, irtenbiderik ez digute eman alegia. Horregatik, jai batzorde guztien izenean, publiko egin nahi izan dugu gure egoera eta udalak urtero antolatzen ditugun jaien antolaketa errazteko eskaintzen digun zerbitzu eskasa salatu nahi genuke.