Larrialdietako zerbitzuak, itsasoan, eroritako gizona bilatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Salamanka pasealekuaren pareko arroketan zebilen 50-60 urte arteko gizon bat uretara erori dela jakinarazi dio Segurtasun saileko larrialdiei aurre egiteko koordinatzaileak IRUTXULOKO HITZAri. Pasealekuan zegoen bikote batek eman du abisua, 17:30ak aldera. Gizon bat arroketan zebilela ikusi dute, baina, une batean, bistatik galdu eta ez dute berriro ikusi. Hori dela eta, larrialdi zerbitzuetara deitu dute.
Hala, Donostiako suhiltzaileak eta Udaltzaingoa, Ertzaintzaren helikopteroa eta urpekariak, eta Gurutze Gorria, besteak beste, lanean ari dira gizona aurkitzeko. Iluntzera bitarte izango dira bertan, eta agertzen ez bada, bihar lehen argi izpiekin jarraituko dute bilatze lanetan.