Bretxako merkatua Arraindegi eraikinera pasako dute
Kale mailan kokatuko dute merkatu berria, eta eraikin osoa zeharkatuko dute postuek.
Donostiako Udala. Arraindegia eraikina berreskuratu zuen udalak aurreko legealdian. Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunen beharrei erantzunez, osasun etxe berria eta kirol instalazioak jarriko dituzte bertan.
Gaur beste pauso baten berri eman du Eneko Goia alkateak: Bretxako merkatua Arraindegi eraikinera lekualdatuko dute.
Bretxa merkataritza guneko kontzesioa eskuz aldatu berri da; Baika enpresa da kudeatzaile berria, eta eremuari erabilera hobea emateko gogoz dagoela jakinarazi du alkateak. Horregatik, egoera aztertu eta espazioak berrantolatu dituzte.
Hala, egun Bretxako bi eraikinen behealdean dagoen merkatua gora igoko dute. Arrain postuak bakarrik geratuko dira lurpeko solairuan. Garbitasun eta ordutegi baldintza bereziak dituzte postu hauek, eta gune propio bat izatea egokiagoa dela iritzi diote.
Gainerako merkatari postu guztiak Arraindegi eraikinaren kaleko mailara eta lehen mailara lekualdatuko dituzte. Kale mailan kokatuko dituzte eraikinera sarrera berriak. Postuek alderik alde zeharkatuko dute eraikina, erdiko korridore batekin.
Kale mailako solairuan 1.500 metro koadro egokituko dituzte merkaturako, eta beste 225 metro koadro osasun zerbitzuetarako.
Izan ere, osasun etxe berriak hiru solairuak hartuko ditu: kale mailakoa edo zero solairua, lehena eta bigarren solairua.
Lehen solairuan, gastronomiarekin lotutako ikasgela batzuk ere egokituko dituzte. Basque Culinary Center-ekin batera Km 0 filosofia, bertako produktuen sustapena eta bestelako jarduerak sustatzeko ideia baitute.
Bigarren solairuan, berriz, kirol gunea egingo dute, mila bat metro koadrotan. Osasun etxeak eta kirol guneak Aldamar kaletik izango dute sarrera. Azoka berrira, berriz, Bretxako plazatik nahiz Iñigo kaletik sartu ahal izango da.
Aldaketen ondorioz hutsik geratzen diren espazioak kudeatzeaz Baika enpresa arduratuko da. Eta Bretxa kanpoaldean euren produktuak saltzen egoten diren baserritarrak ere bere horretan jarraituko dute, oraingoz.
“Puzlearen pieza guztiak enkajatzea lortu dugu, eta erabilera bikaina izango da; bide onetik goaz”, adierazi du Goiak, eta gustura agertu da proiektuarekin. Halaber, “legealdi osoko proiektua” izango dela nabarmendu du, eta ez da aldaketen datarik zehaztera ausartu.
Dena dela, Bretxako azoka lurrazpitik igotzeak “bertako komertzioa indartu” eta bultzada emango diola adierazi du alkateak. Eta era berean, Parte Zaharreko bizilagunen beharrei erantzun bat emateko “formula egokia” topatu dutela nabarmendu du.
Bretxako eremua berrantolatu eta erabilera publikoa emateko lanean ari da azken urteotan