Alicia Murillok Donostian eskainiko du Ehiztari ehizatua ikastaroa. (Argazkia: Malen Aldalur)
Artista “multiindiziplinatua” eta “etxeko andrea” da Alicia Murillo (Sevilla, 1975). ‘Pikara Magazine’ aldizkarian parte hartzen du, eta ‘Ehiztari ehizatua’ ikastaroa ematera etorri da Donostiara.
Artista multiindiziplinatua eta etxeko andrea zara.
Leku askotan eskatu izan didate neure burua definitzeko, eta asko kostatu zaidan arren, uste dut bi kontzeptu horiek ondo islatzen dutela naizena. Artista multiindiziplinatuarena gustatzen zait hitz-joko polita delako, eta etxeko andrea naiz gobernuarentzat eta orokorrean gizartearentzat zaintza lanak doan egiten ditudalako.
Beste proiektu askoren artean, ‘Ehiztari ehizatua’ izeneko egitasmoa duzu esku artean.
Ehiztari ehizatua ikus-entzunezko proiektu bat zen hasieran, eta orain ikastaro bihurtu dut.
Hamahiru urte nituela erasotu ninduten lehen aldiz, nire hiriko gainerako neskei bezala. Ez nintzen ohartu horretaz Sevillatik irten eta kanpora bizitzera joan nintzen arte. Italian, Ameriketan eta Marokon egon nintzen, eta bueltatzean ohartu nintzen ordura arte normaltzat nuen hori eraso bat zela.
Proiektuaren helburua eraso horiek ikusaraztea zen. Kaletik nindoala gizonezko batek ahoz erasotzen baninduen, esaterako, garrasika zerbait esanez, sakelakoa atera eta erasoaren ondoren berarekin edukitako hizketaldia grabatzen nuen. Bederatzi bideo inguru igo nituen. Gero utzi egin nuen; gehienbat helburua bete nuela iruditzen zitzaidalako, eta baita neure osasunagatik ere.
Nola erantzuten dute beraiek?
Beti modu berean. Erasoa ukatzen dute, garrantzia kentzen diote, errua lagunari botatzen diote, eta alde egiten dute. Ordena ezberdina izan daiteke, baina jokabidea beti da bera.
Normalizatuak ditugu ahozko erasoak?
Bai, eta, gainera, laudorio bezala hartu behar ditugula esaten digute.
Lehen esan dut hamahiru urterekin jasan nuela lehen erasoa, baina esan nahi nuen hamahiru urterekin erasotu ninduela lehenengoz heldu batek. Izan ere, txiki-txikitatik erasotzen gaituzte gure adineko mutikoek: gonak igoz, txiza egiten ari zarela atea irekiz… ez gara guzti horretaz ohartzen.
Hori ikusaraztea lortu nahi duzu ikastaroarekin?
Ehiztari ehizatua ikus-entzunezko proiektutik abiarazi nuen ikastaroa. Ikastaro hauetan emakumeok, ni barne, erasoei aurre egiteko tresnak konpartitzen ditugu eremu seguru batean.
Zeintzuk dira erreminta horiek?
Erreminta asko daude. Esaterako, autodefentsa feminista izan daiteke bat. Garrantzitsua da autodefentsa modu kolektiboan eta planifikatuan egitea, ahal den kasuetan behintzat.
Nolakoak dira ikastaroak?
Bost ordu irauten dute eta oso parte hartzaileak izaten dira. Dinamika ezberdinak egiten ditugu eta gorputzak berebiziko garrantzia hartzen du.
Ahozkotasuna da beste protagonista handietako bat. Ahozkotasuna beti egon da emakumeei lotua eta, beraz, gutxietsia. Hizkuntza idatzia ukatu izan digute, eta ahozkoan trebatu izan gara. Hori aprobetxatu nahi dut ikastaroetan.
Mikromatxismoekin egin da ikusarazteko ahalegina, baina mikro izaten jarraitzen du.
Nik uste dut arazoaren zati bat mikromatxismoak terminoan dagoela. Zergatik mikro? Feminismo instituzionalak sekulako kaltea egiten dio arlo horretan. Mikro deitzea ikusezintasunarekin justifikatzen dute batzuek. Indarkeria ez da inoiz ikusezina izan; emakumeak izan dira ikusezinak.
Askotan galdetuko zizuten piropoaren eta erasoaren arteko ezberdintasunaz.
Askotan erantzun izan dut. Nik oso argi ikusten dut. Erasoarekin gizonezkoak bere eremua markatu nahi du, espazio publikoa eta kalea maskulinoak direla aldarrikatu.
Testuinguruak eta momentuak garrantzi handia dute. Ezagutzen ez duzun pertsona bati kalean deiadar egiteak bestea molestatu besterik ez du egiten. Ondo dago gauza politak esatea, baina beti ere besteak entzun nahi dituela jakinda.
Dena den, uste dut ligatzeko moduak aldatu behar ditugula.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Emozionalki eta sexualki oso gaizki hezita gaude. Ligatzeko eta lotsak galtzeko bi kopa hartu behar ditugu. Harremanak gehienetan alkohola eta drogak tarteko direla egiten ditugu.
Ligatzeko modu onak ikastea ezinbestekoa da, eta jakina da orain behintzat ez dakizkigula; hori aldatu beharra dago.
Ez dut uste horretarako bat batekotasuna galdu beharko genukeenik; norbaitek gurekin larrua jo nahi izatea ez da ezer txarra, ona baizik. Akaso politika egiteko modu berriak asmatu nahian gabiltzan moduan, ligatzeko modu berriak asmatu beharko genituzke.