Doctor Deseoren kontzertua izango dute ostiral gauean.
Herrarako jaiak, aurreko urte bateko herri bazkaria. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Gaurtik igandera izango dituzte jaietako egun indartsuak Herreran. Kirol jarduerekin ekin zieten jaiei, joan den asteburuan, eta, orain, berriz, parrandarako prestatu dira. «Gure asteburu indartsua bigarrena izaten da», dio jai batzordeko Ane Lazkanok. Horrela bada,
gaur bertan, osteguna, botako dute txupina, 19:00etan, eta txupin berezia izango dute… elegantea! «Alfonbra gorria zabalduko dugu plazan eta
photocall-a egingo dugu», gehitu du Lazkanok. Txupinaren ostean, pintxo poteari ekingo diote, eta sekula baino dotoreago ibiliko dira auzotarrak.
Herrerako jaietako pizgarri nagusia kontzertuak izaten ari dira azken urteetan, auzotik kanpokoak erakartzeko. Izan ere, apustu garrantzitsua egiten dute musika talde ezagunak ekartzeko.
Doctor Deseo izango dute auzoan zuzenean, ostiralean, 22:00etan, Patxuko Nice eta Bad Sound Systemekin batera.
Donostiako I. Trufa Azoka
Kontzertuekin batera, Donostiako I. Trufa Azoka nahi dute izatea aurtengo jaien erakargarri. Herrerako plazan egingo dute, igandean, 10:30etik eguerdira arte. Hainbat lekutako postuak izango dituzte: Teruel, Errioxa, Soria, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Huesca eta Burgos. Tartean, haurrentzako jolasak eta sagardo dastaketa ere egingo dituzte.