Euskara Zerbitzuak hiriko auzo guztietara zabaldu nahi du joan den legegintzaldian abiatutako kanpaina; euskararen erabilera bultzatu nahi du merkataritzan eta ostalaritzan.
Kanpainako eranskailua, Antigua Bike bizikleta dendan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Joan den legegintzaldian ekin zion udalak euskararen erabilpena bultzatzeari, hainbat kanpainen bidez. Horietako bat izan zen Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz, eta 2014-2015 kanpainan, auzo hauetan zabaldu zuten: Parte Zaharra, Intxaurrondo, Antigua, Ibaeta, Erdialdea eta Amara. Guztira, 680 denda eta taberna inguruk egin zuten bat kanpainarekin. Orain, auzo gehiagotara zabalduko dute, eta urtea bukatzerako hiri osora iristea da helburua.
Zehazki, Euskara Zerbitzuaren bidez, hilabete honetan, Egia eta Grosera zabalduko dute; udazkenean, berriz, Amara Berri, Loiolako Erribera eta Altzara. Gauzak hala, dagoeneko kanpainarekin bat egin duten dendari eta tabernari batzuekin egon da Irutxuloko Hitza, euren esperientziaren berri izateko.
Bi baldintza eskatzen dituzte kanpainarekin bat egiteko: euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok,eta, era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea. Horrela, denden edo tabernen atean, ongi ikusteko moduan, eranskailu bat jartzen dute, kalera begira: Tabernan ere euskaraz; Jatetxean ere euskaraz; Dendan ere euskaraz; edo Hemen ere euskaraz. Hartara, bezeroek badakite bertan euskaraz mintzatu daitezkela. Gainera, ordutegia euskaraz jartzeko euskarriak ere eskaintzen dituzte.
Bezero euskaldunak
Antiguako Garazi liburu dendako Adrian Caminok ez daki euskaraz, baina oso pozik dago kanpainarekin: «Gure hizkuntza bultzatu behar dugu. Nik ez dut euskaraz hitz egiten, baina ulertzen dut, eta oso garrantzitsua iruditzen zaizkit halako kontuak. Hemen lau lagunek lan egiten dugu, bat euskalduna da, eta beste bat moldatzen da. Normalean bezeroak euskaraz zuzentzen dira guregana, eta nabaritu dugu kanpainekin gehiago egiten dutela. Beharrezkoak dira halako kanpainak, eta denek bultzatu behar ditugu, euskaraz jakin gabe ere».
Antigua Bikeko Iñaki Aizpuruk ez du uste bere bezeroek jarrera aldatu dutenik pegatina jarri duenetik: «Antigua nahiko gune euskalduna da, eta bezeroak euskaldunak dira orokorrean. Ez dut uste pegatina horrengatik euskaraz gehiago egiten dutenik. Hala ere, gure jarrera beti euskaraz egitea da, eta hori abiapuntu sendoa da. Jendeak baldin badaki zein den zure jarrera euskararekiko, errazagoa da».
Gipuzkoa plazako parafarmazia du Elisabet Aranberrik, eta ez zuen zalantzarik izan kanpainarekin bat egiteko: «Bi langileok euskaraz hitz egiten dugunez, garrantzitsua zen jendeak jakitea hemen euskaraz egin dezaketela. Hala ere, gure sentipena ez da aldatu, bezero nahiko euskaldunak ditugu. Jende asko ez da ohartu pegatina dugunik ere, baina lehen hitza euskaraz egiten dugunez, ez dute beldurrik izaten».
Aitor Gomez Parte Zaharreko Juantxo tabernako zerbitzaria da, eta bezeroak orokorrean euskaraz hartzen dituztela azpimarratu du: «Zerbitzari lanetan aritzeko, euskara beharrezkoa da gurean; zentzu horretan nagusiak oso zorrotzak dira. Bezero asko euskaldunak dira, eta euskaraz zuzentzen gara haiengana. Betiko taberna bat da eta bertako jende asko etortzen da, beraz, lehen hitza euskaraz egiten dugu, eta kanpotarrak badira, moldatzen gara gazteleraz edo ingelesez eginez».
Horrela, sukaldari gehienak kanpotarrak dituzten arren, Kolonbia, Kuba, Ekuador… euskaraz ikasi dutela dio Gomezek: «Haiek ez dakite euskaraz, baina denborarekin produktuen izenak eta zenbakiak ikasten dituzte, guk eskatutakoa ulertzeko».
Merkatari.eus webgunera jo dezake egitasmoarekin bat egin nahi duenak, baita Euskara Zerbitzuaren Konstituzio plazako bulegora ere. Gainera, mapa interaktibo bat osatu dute aipatutako webgunean, erabiltzaileek ezagutu ditzaten euskaraz mintzatuko zaizkien denda, taberna edo jatetxeak.