Zazpi taldek euren emanaldirik bikainena eskainiko dute bihar, 17:00etan, auzoko kultur etxean. Ikuskizunen artean, dantza, antzerkia eta musika izango dira nagusi
Lagunekin Dantzan taldea, oholtza gainean, prestatu zuten koreografia erakusten. (Argazkia: Bagera)
Joan den ostiralean, Izarrak Plazara talentu lehiaketaren hautaketa proba egin zuten Intxaurrondo kultur etxean. Aurten, zazpi taldek lortu dute finalerako sailkatzea: musikan, Emma eta Itxaso Treku abeslariak; antzerkian, Potato Duet, Kimuak eta Izar Disdiratsuak taldeak; eta dantzan, Lauaizeta Zumba eta Lagunekin Dantzan taldeak.
Aurrez aurre hiru epaimahaikide izan zituzten: Lauroba musika taldeko abeslari Ane Bastida, Ainhoa Aierbe aktorea eta Edu Muruamendiaraz dantzaria.
Modu horretan, zazpi talde finalerako sailkatzea erabaki zuten. Hortaz, bihar izango da Izarrak Plazara lehiaketaren egun handia, 17:00etan, Intxaurrondo kultur etxean. Epaileek proposatutako hobekuntzak aintzat hartuta, euren emanaldirik bikainena eskainiko dute gazteek. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.
Hizkuntzaren erabilera
Ikuskizun onenarentzako sariaz gain –150 euroko txartela–, hizkuntzaren erabileraren eta ikusleen saria ere egongo dira. Gainera, sari berezi bat banatuko dute: ikuskizun bat prestatzeko laguntza profesionala, eta emanaldia egiteko aukera, udazkenean.
Gainerako sariak honakoak izango dira: 12 urtetik beherakoentzako eta 13 eta 18 urte bitartekoentzako 250 euroko txartel bana. Helduagoek
Gaztezuloko harpidetza bat ere eskuratu ahal izango dute. Halaber, bertaratzen den publikoaren artean, IRUTXULOKO HITZAk urtebeteko harpidetza bat zozkatuko du.
Izarrak Plazara talentu lehiaketa 2012an sortu zen, Intxaurrondoko Plazara Goaz elkartearen ekimenez. Egun, Bagera elkarteak, Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatzen dute, eta IRUTXULOKO HITZAk babestutako jarduera da. Aurtengoa, bosgarren edizioa da.