Ibaiari ahotsa jarri dio Gaizka Arangurenek, ‘Ni, Urumea’ dokumentalaren bidez; herritarren sentimenduak ukitzen saiatu dira, eta lortu dutelakoan daude.
Gaizka Aranguren; ‘Ni, urumea’ dokumentalaren zuzendaria.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Labrit Multimedia ekoiztetxeko zuzendaria da Gaizka Aranguren (Iruñea, 1967). Ibaiak maite ditu, eta finantzatzea lortu ahala, Euskal Herriko ibaiei banan bana ikus-entzunezko bat eskaintzea erabaki du, bere lantaldearekin. Aste honetan, hirian ikusgai egon da Urumearen inguruko lana; ikusteko aukera izan ez duenak, DVDa lor dezake dohain, Cristina Enea Fundazioaren bidez, edo Martutene eta Loiolako kultur etxeetan. Etorkizunean, telebistan ere emango dute.
Hainbat ibaien dokumentalak egin ostean iritsi da Ni, Urumea.
Bai, gure komunikazio lanean, bi ildo nagusi ditugu. Bata da ondare naturalaren kudeaketa; jendearen bizipenen, memoriaren, eta jakintzaren bilketa eta transmisioa. Bestetik, asko jorratzen ditugu ibaiekin eta urarekin zerikusia duten edukiak. Orduan, uztartuz bi kontu horiek eta komunikatzeko esperientzia, duela sei urte hasi ginen ibaiei buruzko dokumental bat egiten, urtero: Bidasoa, Ebro, Ega, Zirakos eta Aragoi. Urumearen ideia bururatzean, harremana egin genuen Cristina Enea Fundazioarekin. Haiek izan dira bereziki ekoizpen lanaren koordinazioaz arduratu direnak.
Zein da zuen helburua?
Hiru ildo nagusi jorratzen ditugu. Batetik, jendea eta ibaiaren arteko harremana; historikoa eta gaur egungoa: zein punturaino Urumeak betetzen ote duen bere ertzean bizi direnen identitatearen parte bat, eta zenbateraino den garrantzitsua bere auzokideen imajinario horretan. Beste alde batetik, aztertzen ditugu sakonki, biodibertsitatea, animalia eta landareei dagokienean, eta saiatzen gara azaltzen ibaia ez dela ura daraman zatitxo hori bakarrik. Hirugarrenekotz, hitza ematen diogu ibaiari, lehenengo pertsonan, aurpegira diezagun zein puntutaraino egin diogun kalte iraganean, eta oraindik ere egiten diogun. Urumearen kasuan, ibaia bera da bere adiera orokorrean, Ereñotzu arte; eta ibaia izateari uzten dio, morfologikoki ere, Hernanitik Zurriola arte. Izan ere, bere bazterretan bizi den jende kopuruaren ondorioz, ubide bihurtu dugu. Edozein ibaik aukera badu, bere ibilbidea aldatzen du urteen poderioz. Urumeari guk erraten diogu nondik joan behar duen, eta horrek ondorioak dakartza.
Oso bertakoendako lanak dira, eta jendearen emozioak ukitzen saiatu gara, bere parte bat delako. Hori guztia azaltzen saiatu gara, eta bakea ezartzen, ibaia eta inguruko bizilagunen artean.
Zer deskubritu duzue?
Ezaugarri nagusi bat du, Urumea izen gisa ez dela existitzen; errioa da. Inork ez dio ibaia deitzen, inork ez dio Urumea deitzen. Egia erran, ez dakit nork ezarriko zion izen hori, baina Errekaundi da goikalde hartan, eta errioa Ereñotzutik Donostiara.
Lekukotasun guztiek diote aldaketa bat eman dela pertsonon eta ibaiaren arteko harreman ean. Duela 30 urtera arte edo, harremana askoz estuagoa zen, lanerako, garraiorako, aisialdirako… kontutan izanda, hain zuzen ere, 1980. hamarkadan hori guztia apurtu egiten dela, ibaia hil egiten delako. Ibaiaren inguruko aisia, Donostian, arrauna, arrantza, paseoa eta korrikaldiak dira egun. Zuek ez zarete konturatzen, baina deigarria da, kutsadura akustikoa ibilbide guztian; izugarria da, zirkulazioa ez bada, trena, obrak…
Zer nolako biodibertsitatea du Urumeak?
Kamera bat sartzen duzunean urpean, itzela da ikusten duzuna, ez gara ohartzen norainoko bizitza dagoen! Erabat hilda zegoen ibai bat zen, baina izokina eta lanproia itzuli dira; guztiz migrarioak direnak. Urraburua, korkoiak, noski, eta platuxaren bat ere iristen da Hernaniraino. Dirudienez, Karabel inguruan dago ur geza eta gaziaren arteko muga, eta haraino iristen dira. Bertzelako animaliak ere badabiltza, eta oso aberatsa da Artikutza ingurua. Zoritxarrez, landarediaz leku aunitzetan biluztu egin da, eta animaliekin egin dugun moduan, kanpotik ekarri dugun landaredia asko dago, banbua, esaterako.
Ibaia haserre dago, orduan?
Bai, baina eskua luzatzen du, badaki elkar ulertu beharra dagoela. Jendea bere lurretan bizitzen ari da, okupatu egin dizkiogu bereak ziren lurrak, eta lehenago edo beranduago hartu egingo ditu berriro. Horren errua ez dute hemen bizi direnek, horren errua dute hemen etxebizitzak eraikitzeko ideia izan eta baimendu zutenek. Egia da, gaur egun, oraindik ere, gutxiegi begiratzen zaiola ibaiari, eta hori da egiten duen aldarrikapena. Ahal dugun heinean, errioa izaten uzten badiogu, horretaz guk gozatuko dugu.