Luis Junquera asturiarrak irabazi du Donostia Kriterium lasterketa
Carla Nafria madrildarrak emakumezkoen lehen postua lortu du.
Duela bi urte, lehen Donostia Kriterium lasterketan bigarren postuan geratu zen Junquera. Beste asturiar bat irugarren postuan geratu da: Pablo Suarez. Bigarren Donostia Kriterium lasterketa honetan hiru emakumek parte hartu dute, eta Carla Nafria madrildarrak eskuratu du lehen postua. Bigarren geratu da Tuterako Gudane Araiz eta Arangurengo Itsaso Ahechu.
62 korrikalarik parte hartu dute II. Donostia Kriterium lasterketan. Horietatik 8, donostiarrak izan dira. Lehen donostiarra Ion Grijalba izan da, eta IRUTXULOKO HITZAren urtebeteko doako harpidetza eskuratu du opari gisa.
Giro ederra piztu du Donostia Kriterium lasterketak Gros eta Sagues inguruan. Zale andana gerturatu da piñoi finkoko bizikleten lehia ikustera. Lasterketan zehar ez da aparteko arazorik izan, baina irteera ordena erabakitzeko bueltan korrikalari bat erori egin da eta bi anbulantzia zirkuitu barruan sartu behar izan dira.
Loic Chetoit baionarrak irabazi behar zuela zirudien, baina buru-buruan zihoala, Luis Junquera asturiarrak hartu dio aurrea azken bihurgunean.