Aurtengo Aste Nagusiko kartelaren aurkezpena.
Aste Nagusian eta
Jazzaldian euskararen erabilera neurtzen du
Bagera Elkarteak. Neurketa hauen helburua euskararen erabilera areagotzea da. Jaialdi hauek euskararen egoeraren adierazleak izateaz gain, eragile ere badirela uste dute eta: “Antolatzaileek egitarauan euskarari ematen dioten lekuak eragina izango baitu euskararen presentzian, eta ondorioz, erabileran ere bai”
Bagera elkartearen ustez garrantzitsua da oso euskararen erabilera normalizatzea eguneroko bizitzan. Eta, era berean, gizarteari eskaintzen zaizkion aisialdirako kultur ekitaldietan euskararen presentzia areagotzea: “Euskara hizkuntza ofiziala da Donostian, eta merezi duen tokia eman behar zaio, jai giroan zein eskaintzen diren aisialdi ekintza guztietan ere presentzia izango duela ziurtatuz”.
Neurketa hauek ahalik eta osatuenak egin ahal izateko, herritarren laguntza behar-beharrezkoa dute. Udan Jazzaldian (uztailaren 20tik 25era) eta Aste Nagusian (abuztuaren 13tik 20era) neurtzen dute erabilera. Nola lagundu dezakezu?
Egin beharrekoa oso sinplea da, aukeratzen duzun ekitaldira joan eta neurketarako prestatu duten fitxa bete, eta ondoren Bagera elkartera helarazi. Aldez aurretik, Bagera Elkartera deitzea (943005074) edo
bagera@bagera.eus helbidera idatzi behar da. Ondoren, zurekin harremanetan jarriko dira zein kontzertu, ikuskizun, tailer edo kirol ekintza behatuko duzun zehazteko.
Jaialdien euskararen erabilera neurtzeaz gain,
espazio publikoan egiten diren hizkuntza-eskubideen urraketak bildu nahi dituzte. Jendartea aktibatu eta urraketa horien berri ematea da Bageraren nahia, aldaketak eman daitezen.