Urte berri on, Musika Parkean!
Laugarrenean eguraldia lagun izatea lortu dute, eta Bidebietako Salvador Allende parkea hartu dute.
“Urte berri on!”. Halaxe eman diote hasiera aurtengo Musika Parkean jardueraren lehen ekitaldiari. Izan ere, 2016ko denboraldia apirilean hastekoak ziren, baina eguraldi txarra dela eta, gaur arte ez dute aukerarik izan jarduera egiteko. Are bereziagoa izan da Bidebietako Salvador Allende parkea hartu dutelako lehenengoz.
Hala, Albert Cavalier eta Frank taldeen zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egon da. Eguzkiak gogor jotzen zuenez, hurbildu diren familia, lagun zein bikoteak itzalaren bila ibili dira. Asko parkean bertan dauden zuhaitzen azpian eseri dira, eta beste batzuk ahal izan duten bezala babestu dira eguzkitik. Hori bai, picnic-a eta kapelak ez dira falta izan. Hain zuzen ere, “nazioarteko kapela lehiaketa” egin dute. Facebooken jarriko dituzte argazki guztiak eta “atsegin dut” gehien lortzen dituena izango da irabazlea.