1926. urtean Ondarretako hondartzan egindako da goiko argazkia. Emakumearen pozak ederki islatzen du bainujantziek itsas hegietara ekarri zuten iraultza. Bikiniak, berriz, 70 urte bete ditu aurten; urte askotarako.
Emakume bat Ondarretan (1926). (Argazkia: Kutxateka)
Atertu du, badoa langarra, badator eguzkia. Denok hondartzara. Zuriak, gorriak, urdinak, txikiak, txikiagoak, zabalak, estuak, estuegiak. Berdeak, horiak, arrastodunak, begiztadunak. Lepoan lotuak, bizkarrean, edo gurutzatuak… Mila koloretako loreak sorrarazten ditu eguzkiak hondartzako hondar artean. Galdu dute zentzua. Galdu dute gorputza estaltzearen zentzua, apaingarri soilak bihurtu dira.
Bainujantziez ari gara noski. Emakumeen bainujantziez; gizonek honetan ere askatasun handiagoa izan baitute beti.
Bainujantzia izango da XX. mendean gehien aldatu den jantzietako bat. Emakumeak irabazi duen beste borroka txiki baten isla dira.
XIX. mende bukaeran sortu ziren bainujantziak. Garai hartan guztiz estalita joaten ziren emakumeak hondartzara. Eta lehen bainujantziak kortse baten gainetik janzten ziren galtza luze zabal batzuen modukoak ziren, eta soineko motzago bat eramaten zen gainetik. 30 graduko tenperatura egoki jasateko aproposak, alegia.
Baina askatu zituzten kortseak, lotu lotsak eta astindu mototsak. Emakumeak hondartzan korri egiteko, uretara salto egiteko eta euren gorputza erakusteko ausardia atera zuten gona luzeak botata.
Eta jendartea belaunetik gorako izter erdiak ikustera ohitu baino lehen etorri zen bikinia.
Duela 70 urte,
1946an, asmatu zuten bikinia. Micheline Bernardini dantzariak jantzi zuen lehen aldiz. Egun batzuk lehenago AEBek
bonba atomiko bat jaurti zuten Australiako
Bikini irletan, eta sekula berriro bizitzeko moduan geratu ez zen uharte hark eman zion izena bi zatiko bainujantziari.
Inork ez zuen jantzi nahi hasieran, eta herrialde batzuetan
debekatu ere egin zuten bikinia zilborra erakusten zuelako.
Aristokratek modaren aitzindari izateari utzi, eta filmetako aktoreek aginte makila hartu zutenean aldatu zen egoera, ordea. 1954an Brigitte Bardot aktoreak Cannesko zinema jaialdian jantzi zuenean egin zuen benetako eztanda bikiniak.
Hiriko hondartzetan ere ez zen berehalakoan agertu, baina ordutik hemen da. Besaburuak, belaunak eta izter erdiak erakustetik, txikitzen, txikitzen, joan dira oihal zatiak. Izan ere, behin askatasuna dotore jantzita, dagoeneko deus ez dago estaltzeko.
Zuriak, gorriak, urdinak… loretxoz beterik, hondartzak.