Eskandalosa kofrafiako kide batzuk, pistatxo koloreko txaleko berriekin. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Aurtengo Aste Nagusi piratako kofradia berrietako bat da Eskandalosa. Pistatxo koloreko txalekoa jantzita ikusiko dituzue jaietan. Adi! Izenak iradokitzen duen moduan, herritarrak eskandalizatzera etorri dira eta!
Orain arte «modu pasiboan» parte hartu izan dute jaietan. Aste Nagusia bukatzean erabaki zuten eurek ere kofradia bat sortu nahi zutela: «Guk ere geure ekarpena egin nahi genuen, eta ez genuen lekua edo modua ikusten», azaldu du Marina Landa Eskandalosa kofradiako kideak.
Hasiera batean 12 pertsona inguru bildu ziren, hiru kuadrillatakoak. Pixkanaka bilerak egiten hasi ziren, eta horietako batean asmatu zuten kofradiaren izena. Itsasontzietan jartzen den bela txikiena dela esan du Landak: «Oso lotuta dago gure kofadiarekin. Zerbait desberdina da, tabuekin zerikusia daukana. Guk ez dugu nortasun bat definitua, Aingurakoek edo Grosekoek bezala. Guretzat Aste Nagusi hau proba bat izango da, kofradiaren lehen pausoak izango dira. Ikusiko dugu aurrerantzean zein bidetik egin».
Otsailean iragarri zuten kofradia egingo zutela Donostiako Piratek Ttan Ttakun irratian egiten duten Enbata dator irratsaioan. Joan den maiatzeko flamenkadan – piraten batzar orokorrean– aurkeztu zuten euren taldea. Geroztik, gero eta pirata gehiago batu dira, eta egun, 60tik gora kide dira: «Pauso txikiak ematen hasi ginen, eta abiada hartzen ari gara orain!», esan du pozik Landak.
Tabuak haustera
Oraindik kofradiak eskainiko duen egitarau propioa fintzen ari dira, baina bi jarduera iragarri dituzte. Abuztuaren 14an ur jolasak egingo dituzte Saguesen. Taldetan banatu eta hainbat proba egingo dituzte. Abuztuaren 17an, Eskifaia kofradiaren batukadarekin batera, identitate desberdinak ikusarazi eta tabuak hausteko jarduera berezi bat prestatuko dute. Mozorro eta objektu desberdinekin proba batzuk egin beharko dituzte. Bizifestan ere parte hartuko dute, Traganarruak eta Ubarroiekin batera ere elkartuko dira Aste Nagusian zehar.
Buruhezur betaurrekoduna
Pistatxo koloreko txalekoak josten ari dira egunotan. Sorbaldan, kofradiaren sinbolo bihurtuko den buru-hezurra eramango dute. Ez da nolanahiko buru-hezurra. Eguzkitako betaurrekoak ditu soinean, zapi bat darama buruan eta banderatxo bat eusten ari da gogor hortzetan.
Ilusioz eta gogotsu daudela azpimarratu du Landak:«Hasieran urduri geunden, baina Aste Nagusia gerturatu ahala gero eta gogotsuago gaude».
Arestian esan bezala, Flamenkada Antiguako Dokan egin zuten joan den maiatzean , eta Aste Nagusirako berri batzuk eman zituzten. Iragarri zuten, besteak beste, Aingura kofradiak gorpuztuko duela Ezkila kapitaina, eta Ezkila kapitaina irudikatzeko proposamenak jasoko dituztela piratek.
Flamenkadan kofradia bakoitzak bere egitaraua azaldu zuen: asmoak, aldaketak eta ideiak, besteak beste. Gainera, asanbladan beste kofradia berri bati ongi etorria eman zioten: Jaraneroak. Eskifaia kofradiko kide zaharrenek osatutako talde berria da hauxe. Laster Aste Nagusi piratako egitarau osoa aurkeztuko dute piratek.