Haur danborradak ireki du Kaiko jaien egitaraua, eta arrantzaleen laguntzarekin jaurti dute txupina; igandera arte, adin guztietarako jarduerez gozatzeko aukera egongo da
Irudian, Kaiko jai batzordeko hainbat kide. (Argazkia: L.Ferreira)
Groseko festekin batera, atzo hasi zituzten Kaiko jaiak. Arrantzaleen etorrerarekin jaurti zuten txupina; eta, gauean, La Jodedera, Tajon Prieto eta Los Kuajalotes taldeen kontzertuak izan ziren nagusi. Festak, baina, ez du etenik, eta igandera arte jarduera ugari antolatu dituzte –ikus egitaraua 14. orrialdean–.
Aurten, jai batzordea handitu da. Izan ere, auzoko gazte batzuk gehitu dira, eta beraiek izan dira bereziki gaurko, ostiraleko, gazte eta haur eguna antolatu dutenak. Hala, hainbat jarduera egingo dituzte: hockey tailerra, ur borroka, kukaña, apar festa, elektrotxaranga eta txokolate jatea, besteak beste.
Ikuskizun bihurtu da
«Kaian, jarduera garrantzitsuenetakoa kukaña izan da beti. Ez bakarrik parte hartzen duen jende kopuruarengatik, baizik eta ikuskizun bat bihurtu delako», azaldu du jai batzordeko kide Amaia Alberdik.
Bihar, larunbata, auzo giroko egun bat izan ohi dela nabarmendu du Alberdik: «Danborradak eta bazkariak gertukoagoa egiten dute giroa». Hala ere, danborradak interes handia pizten du, eta auzotik kanpoko jendea ere animatzen da: «Jendeari gustatzen zaio arrantzalez jantzita goazelako, uda delako… Jaietako danborrada San Sebastian egunekoa baino alaiagoa da. Iaz 150 lagunek hartu zuten parte, eta aurten ere kopuru hori mantentzeko asmoa dugu».
Karmenak amaitzeko, igandean, goizean goizetik izango da festa giroa: txarangarekin esnatuko dira auzotarrak, eta Aita Mariri egingo diote lore eskaintza. Ondoren, sagardo dastaketa, tortila lehiaketa, mojito txapelketa eta beste hainbat jarduera egingo dituzte; tartean, sakabanaketaren aurkako flashmob bat.
Iazko egitarauarekin alderatuz, aurten, ez dute Grosekoekin ohiko elkartasun ekitaldia ospatuko. Baina «harremana mantentzearren, larunbat arratsaldean, Kaiko jaietako kide batzuk joango dira. Groseko jai gunera, musikaz lagunduta, pote bat hartzera», esan du Alberdik.
Auzotarren laguntza
Jaiak antolatzerako orduan, taldeetan banatu dira, eta bakoitzak bere ardura hartu du: izapideak, azpiegiturak, kontzertuak, txozna, haurrekin zerikusia duten jarduerak, danborradak…
Halere, horietaz gain, Parte Zaharreko jende askok ere indibidualki laguntzen duela azpimarratu du Alberdik: «Guraso elkartekoek, adibidez, txokolate jatea prestatu dute; Hamaikak Bat elkartekoek, herri bazkaria… Ez daude jai batzordean, baina asko inplikatzen dira».