Auzoaren "gehiegizko erabilera" salatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, eta arazoari "konponbide estruktural bat" emateko beharra azpimarratu dute.
Portu kalea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Parte Zaharrean elkartu gara Iñaki Biain Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kidearekin. Urteak daramatzate auzoko zarata eta “gehiegizko jende mugimendua” dela-eta arduratuta. Aurten hainbat eskaera egin dizkiote udalari, auzoan antolatu dituzten kontzertu kopuru handiarengatik. Parte Zaharreko kaleetan barrena abiatu da arazoaren iturburuak erakusteko asmoz.
“Lehen, tabernetako soinua izaten zen arazorik handiena; orain, aldiz, tabernen arazoa baretuago dago”, azaldu du. Hala ere, beste zenbait zarata iturri aipatu ditu.
San Jeronimo kalean barrena abiatu, eta atzera begira jarri da Biain: “Gogoan dut 2014an soinu mapa bat egin genuela Parte Zaharrean. Astegunetan eta asteburuetan egin zituzten neurketak, gauez eta egunez; ia neurketa guztietan gainditzen zen soinu maila”. Ikerketa horretan ateratako ondorioen artean “egitura arkitektonikoa” identifikatu zuten arazo gisa. Izan ere, Parte Zaharreko etxebizitza guztiak harrizkoak dira, eta horrek oihartzuna sortzen duela dio Biainek.
Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideek, besteak beste, auzoan ekitaldi gutxiago antolatzeko eskatu dio udalari: “Geroz eta jarduera eta kontzertu gehiago antolatzen dira Parte Zaharrean, eta horrek sekulako soinua sortzen du. Udalari jarduerak gutxitzeko eskatu genion, baina ez digu kasurik egin; eta hori gutxi balitz, aurten Jazzaldiko kontzertuak Konstituzio plazan ere egingo dituzte” azaldu du auzo elkarteko kideak.
“Orain arte udalak partikularren arazo bezala hartu ditu gure kezkak, baina kontuan izan behar dugu arazoa ez dela bi partikularren artekoa, estrukturala baizik”. Hainbat eskaera egin dizkiote udalari identifikatu dituzten zenbait arazo zehatzen inguruan: “Esaterako, udalak kontzertu bat baimentzen badu edo berak kontzertu bat antolatzen badu, derrigorrez kontrolatu beharko luke soinua”.
Kontzertuen soinu bolumen altua dela eta, udaltzainei deitzea “alferrikakoa” dela uste du: “Lorik egin ezin duzulako udaltzaingora deitzea alferrik da: ordubete inguru behar dute iristeko, gero soinua neurtzen dute eta muga pasatzen badu ere, kontzertuak baimena duela, eta ezin dutela ezer egin esaten dizute”. Horren aurrean, udalari soinu neurgailuak eraikin publikoetan jartzeko eskatu diote. Gainera, horrela, soinua sistematikoki neurtu ahal izango dutela uste dute: “Anplifikadoreek onartutako soinua gainditzen dutenean, joan eta jaitsi egin dezakete, edo behar den isuna jarri.
Lehengo urtean ere zenbait eskaera egin zituzten, merkataritza eta ostalaritza arloari dagozkionak gehienak. Dena den, azaldu du udalak hitz eman ziela jarduera guztiak ez zituztela Parte Zaharrean kontzentratuko eta Biainek dio ez dutela euren hitza bete: “Aurten inoiz baino jarduera gehiago antolatu dituzte auzoan; Olatu talka, Jazzaldia…”. Uste du zilegi dela urtean egun batzuetan arauak haustea, sansebastianetan, San Tomas egunean,
Euskal Jaietan, auzoko jaietan eta Aste Nagusian, esaterako. Baina gaineratu du “salbuespena” ezin dela “arau” bihurtu.
Turismoaren albo kalteak
Kontzertuez gain, auzoko kaleetatik dabilen «gehiegizko jende kantitateak» ere albo kalteak sortzen dituela uste du: “Turismoak gora egin zuela eta, espazioaren erabilera aztertzeko proposamen bat egin zen; baina oraindik ez dira aztertu horrek izan dituen eta izango dituen eraginak”.
Biainek gogora ekarri du 2.000. urtean «jende gehiegizko gune» bezala izendatu zutela Parte Zaharra, eta saltoki gehiago ez irekitzea erabaki zutela, “nahiz eta, ez den hala izan”.
Parte Zaharreko kaleetan barrena aurrera egiten duen bitartean askotariko soinu iturriak identifikatu ditu: “Tabernak, kaleko soinuak, kontzertu eta ekitaldiak, garbiketa aparatuek sortutako zaratak…”. Gainera, aurrez aipatu bezala, auzo elkarteko kideak dio kontuan izan behar direla Parte Zaharrak «berezkoak» dituen ezaugarri arkitektonikoak.
Egun guztian zehar “jasan behar” izaten dituzten soinuak aipatu ditu jarraian:”Gauetan terrazak oso berandu ixten dituzte; botilak zakarrontzira botatzen dituzte tabernak ixtean, eta zarata asko ateratzen dute; goizeko 07:00ak baino lehen etortzen dira garbitzaileak, eta horiek ere zarata nabarmena egiten dute; ondoren, banatzaileen txanda izaten da; eta eguerdirako jende asko dabil atzera eta aurrera”.
Gainera, azken urteetan gertatzen ari den “fenomeno” bat aipatu du: “Gauetan gazte kuadrilla handiak taldeetan ekartzen dituzte tabernatik tabernara animatzaile batekin, eta taldeko giroa hobetzeko kantuan jartzen dituzte auzoan zehar”.
Arazo estrukturala
Hainbat soinu iturri identifikatzen ditu Biainek, eta argi du irtenbiderik ez dela lortuko arazoari “konponbide estruktural bat” ematen ez zaion bitartean: “Udalak iaz egin zuen sentsibilizazio kanpaina bat. Kartelak zintzilikatu zituen. Hori da egin dezaketen gauzarik errazena. Gainera, azaroan egin zuten kanpaina hori, justu behar gutxien dagoen garaian”.
Kezkatuta daude zenbait bizilagun, izan ere, Biainek azaldu du beste hiri batzuetan gertatzen ari dena Donostian gertatuko denaren beldur direla: “Bartzelonara, Amsterdamera edo Veneziara begiratu besterik ez dago gehiegizko turismoak eragindako kalteak ikusteko”, azaldu du. Bere iritziz azken urteetan hainbat kanpo faktorek eragin dute turismoaren gorakada: “Gastronomiaren modak, borroka armatuaren amaierak eta kultur hiriburutzak asko lagundu dute”. Dena den, uste du maldan behera joan daitekeela datozen urteetan, eta galdetzen du: “Zer gertatuko da gero?”. Biain beldur da auzoan «desertifikazio bat» eman daitekeelako.
Auzotarrentzat lekurik ez
Turismoaren eraginez, hainbat etxe «ostatu edo sasi ostatu» bihurtu direla uste du auzo elkarteko kideak. «Auzoan bizitzea oso zaila da, etxeak eguneko edo asteko alokatzen dituzte eta, noski, oso garesti», azaldu du. Auzoko saltokiekin ere antzeko zerbait gertatzen ari dela uste du: “Dagoeneko denda gehienak turistek oroitzapen gisa eramateko oparitxoz beteta daude, eta gainera, dendan bezain beste gauza izaten dituzte erakusleihoaren kanpoaldean jarrita, espazio publikoa okupatzen”.
Onartzen du badaudela komertzio eta taberna batzuk auzotarrentzat lan egiten dutenak eta auzotarrak kontuan izaten dituztenak, baina askok “kanpora begira” soilik aritzen direla dio. Biainen ustez, garrantzitsua da komertzioek eta tabernek “auzo perspektiba izatea”.
Auzoko arazoei konponbide “estrukturala” eman asmoz, sektore ezberdinetako zenbait pertsona bildu dira azken asteetan Donostia 2016ren proiektu baten barruan. Helburua, auzoko «sentsibilitateak» batu eta arazoen aurrean oinarri komun bat finkatzea da.
Bukatzen ari da Parte Zaharreko ibilaldia eta Konstituzio plazara iritsi da. Jendez beteta daude terrazak. Biainek berriz hartu du hitza: “Beldurra ematen dit, badakidalako egunen batean behera egingo duela turismoak, eta orduan ostatuak eta etxeak hutsik geratuko dira, komertzio gehienak itxi egingo dituzte, eta jendeak alde egingo du. Eta orduan zer? bueltatuko ahal gara gehiegikeria hau gertatu aurretik izan ginena izatera? nik ezetz uste dut”. Horregatik berretsi du «beharrezkoa» dela ahal bezain laster udalak “interbentzio bat” egitea.
Atzo eman zioten hasiera Jazzaldiari. Biainek dio leihoak itxi arren etxetik entzun ahal izango duela.