Ane Urrutikoetxea: 'Jesuskristo Superstar'
Aitak milia egin zueneko istorioak gutxitan kontatzen ditu, baina bada bat bereziki maite duena, eta sarritan kontatu izan diguna ospakizun egunetan. Ceutan tokatu zitzaion milia egitea, leku gogorra bere hitzetan; bertara bidalitako gutxi ziren Euskal Herri ingurukoak. Bada bertara iritsi eta egun batzuetara, ekintza errebelde txiki bat egin nahian, Pablo Picassoren Gernika koadroaren irudi bat jarri zuten zintzilik. Koadro hura denen bistan izan zen aitak Ceutan igaro zituen bi urteetan, eta ez zuten sekula bertatik kendu; antza, inork ez zuen ezagutzen haren esanahia.
Anekdota bitxi hori erabili izan du beti aitak historia eta kultura ezagutzeak duen garrantzia azpimarratzeko; guk berriz, barre egiten genien koadro horren jatorria ezagutzen ez zuten ezjakin horiei. Baina, duela gutxi konturatu naiz antzeko zerbait gertatzen zaigula Donostia harrizko begiradaz zaintzen duen irudi batekin.
Madrildik etorritako lagun batek ireki behar izan zizkidan begiak, Kontxan enkarguz eginda diruditen udako arrastiri eder horietako bat ikusten ari ginela. Nik, donostiarrok harro behin eta berriz ahotan izan ohi dugun esaldia bota nion: “Zeinen polita den Donostia, ezta?”. Hark, pentsakor, honakoa erantzun zidan: “Bai… baina nola zakartzen duen paisaia hor goiko Kristo erraldoiak! Horren erlijiotsua al da ba hiria?”.
Benda bat kendu izan balidate bezala, egun horretatik aurrera harrizko munstro hori begietatik kendu ezinda nabil. Aitaren anekdotako ezjakin horien modura sentiarazten nau urte guzti hauetan Urgullgo gazteluak gainean daraman partxe horrek aurretik begietara min eman ez izanak. Ezjakinak baina okerrago esango nuke, txikitatik ezagutzen baitut Kristo horren jatorria; ondotxo dakit 1950 urtetik daramala hamabi metroko erraldoiak hiriko bekatariei begira, eta Federico Coullaut eskultoreak zein Pedro Muguruza arkitektoak, Valle de los Caidos-en egileak, eraiki zutela.
Ceutako soldadu horien antzera, Urguleko gaztelua bigarren plano batean uzten duen iruditzar horretara ohitu gara donostiarrak; ahaztu egin dugu obra horren jatorria, eta gordetzen duen esanahi latza. Soilik kanpotarrek ikusten dute, eta onerako zein txarrerako, hiriaren sinboloetako baten moduan gelditzen da beren irudimenean iltzatuta. Duela urte batzuk, Zinemaldian izan zen Willem Dafoe aktorea, eta The Last Temptation of Christ filma sustatzeko publizitatea zela pentsatu zuen. Beharbada, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetarako prestatzen ari garela pentsatuko dute orain.