Markel Ormazabal: Pirata auto-desterratu baten kronikak
Markel Ormazabal, Santa Klaratik
Ezkila kapitainaren alderantzizko itsasbidea hartua dut, kontrara haizeak eta korronteak. Donostiako kaia eta festara arribatu delarik Ezkila, atzean utzi berri duen lurraldera dut destatua largabista; eta urrunagoko geografietan paratua hezurdura. Agosti Xaho edo Matalas lehorreko piraten lurraldean, Zuberoan alegia, hemengo talaiatik so Aste Nagusi Pirata.Astrolabioak ez dit huts egin, ez eta koadranteak neurketa okerrik eskaini. Kontzientea izan da deliberoa. Erabakimen propioz, desterrua. Antzekotasunik ez, atzera, espainiar koroaren ziegetan girgiluz iragan sei urteekin. Bortxazko erbestea ordukoa. Eskifaiatik urruntzea eta festaren ukazio totala. Korrontearekin borrokarik ez, abante librean heldu naiz aurtengo abuztuak nauen lekura. Pirata eta itsasoko abenturez bete liburuak (asko) bidaide, festari eta festan egin lanari bestelako begirada batzuez so egiteko desirak haizatu dizkit oihalak. Distantzia eta distantzian, berriro. Festan, aldi berean. Eta festez. Iratik “La Flamenkatik”, “Santa Klarara” nik.
Santa Klara uharteari buruzko liburu berezia idatzi zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik. Berea da, baita ere, 2010eko abuztuak 26an Berria egunkarian argitaratu Donostiako Aste Santuaz artikulua, eta honela irakurri ahal da: “Noiz amaituko dugu «Aste Nagusia»-ren fartsa? Batzuek, ahal dutenek, gutxik, hartua dute erabakia: aste horretan norabait joatea, baserriren batera, herri txikiren batera. Baina Donostiatik, hanka.” Ihesa zilegi eta, ez gutxirentzat, desiragarri. 1982an eratu zen Donostiako Herrikoi Jaietarako Komisioa eta jendaurreko lehen agerpena izan zen adierazpenak “Semana Grande para el que no pueda escaparse” zuen izenburu. Ihes egin ezin duenarentzat zen Semana Grande, alegia. Jendetza, gau giroa, dantza eta musikarekin gogaitzen denak ihes egiten jarraituko du. Osasuna zaindu eta lasaitasun beharrez dabilen horrek ere bide bera eginen du. Ihesa zilegi da, eta hamaika arrazoi daitezke horretarako. Baina festak aldatu dira, zinez aldatu ere. Festak aldatu egin ditugu. Festak antolatu eta ospatu egiten ditugu. Eta Izan Pirata (festak eraldaketa sozialerako tresna) dokumentalean elkarrizketatutako Paco Sixmilo-k esaten duen bezala: “Piratak sortu direnetik, oso ezberdina da Aste Nagusia”. Horra zergatia!
Alta, inperatiboa zaigu aldaketan jarraitzea. Aldatzen. Gu eta ingurua. Ingurua eta inguruarekin. Haizeak nondik jotzen duen, haizeak non sortzen diren, eta non diren falta ufadak barealdi horietan egiteko arraun. Boga. Festak, kulturak bezala, beharrezkoa du ikuspegi dinamikoa. Kulturak etengabe aldatzen dira. Sozietateko egitura islatzen eta sendotzen, edo zalantzan jartzen eta astintzen duten prozesuen bidez sortu eta birsortzen dira kulturak. Aldaezinak izatetik urrun, tradizioak ere asmatu egiten dira, Eric Hobsbawn ikerlariak agertu bezala. Eta asmatu egiten dira iraganarekiko harremana eraldatuta orainaldiko egoera berriei erantzun eman asmoz. Edo hala beharko luke. Sozietateak bilakaeran daudenez aldatzen dira sozietate horietako ohiturak ere.
Maiz, ordea, gehiegitan, aldaketa-haizeak gorputzetan sentitu orduko, itsasontziko oihalak biltzeari ekiten diogu. Oihal oro zabal-zabal haizatu beharrean. Kulturen ikerkuntzan kapitain pilotuetako bat dugu Bourdieu. Donostiarra balitz, egun pirata egingo zelakoan nago. Begiko estalki eta guzti! Bourdieuk frogatua: sozietatean dauden balio-sistema ezberdinek kapital sinboliko handiagoa aitortzen diote talde batzuei beste batzuei baino. Eta hala, tradizioaren defentsa mugiezina gizarte botere eta ospe handiagoko sektoreei loturik joan ohi da, proposamen berritzaileenak boteretik baztertuen dauden sektoreetatik datozen bitartean.
Hasia edo hastear da festa. Gaur. Larunbatarekin. Eta hasiera, hagineko minaren antzera, nork berea. Kanoikada eta txupina, manifestazioak (aurten errekorra, egun berean lau, sardina bakalau) eta zinak, kalejirak eta afariak, kantuak…Ohitura zahar-berriak denak, berritik gehiago antigoaleko baino. Aldaketan guztiak. Baten batekin asmatu eta berau, erritu, tradizio bilakatu arte. Eta orduan, berriro ere, ezbaian jarri. Hala behar du. Hagineko mina ez baita txantxetako kontua. Haize on eta festa hobea!