Realaren zaleek Dalian Atkinson omenduko dute igandean
Txalo zaparrada batekin omenduko dute Realak Real Madrilen aurka jokatuko duen partidan. Anoetako harmailetatik 9. minutuan -Donostian hainbatetan erabili zuen dortsalaren zenbakia- txalo zaparrada batekin omenduko dute jokalari ingelesaren memoria. Realeko jokalariek besoko beltzak jantziko dituzte. Klub txuri-urdinak adierazi du Realaren familia guztia hunkituta sentitu dela Dalian Atkinsonen galerarekin: “1990-ko udan iritsi zen gaitasun handiko aurrelaria. Maila ona eman zuen zale txuri-urdinen aurrean, 12 golekin, bere lehena igandeko gure arerio den talde zuriaren aurka lortuta. Igande honetan, 9. minutuan, Anoetak merezi duen bezala oroituko du”. Maialen Chourraut eta Richard Oribek ere merezitako omenaldia izango dute igandean Anoetan. Klubaren Urrezko Intsignia jaso eta ohorezko sakea egingo dute Real Madriden aurkako partidan beren jarduera bikainarengatik.
Dalian Atkison joan den astelehenean hil zen Ingalaterran, poliziak taser pistolaz tiro egin eta gero. Poliziak zer dela-eta egin dion tiro ikertzen ari da Poliziaren aurkako Kexen Batzorde Independentea. 1990ean fitxatu zuen klub txuri-urdinak, 150 milioi pezetaren truke, eta urtebete baino ez zuen jokatu Donostiako taldean. Fitxatutako aurrenetako atzerritarra izanik, ordea, realzale askoren oroimenean geratu zen Atkison. Hamabi gol sartu zituen 29 partidatan; horien artean, gogoangarria da Bartzelonari Camp Noun sartutakoa.