Argazkia: Batix Ezeiza
Donostiako udarekin lotzen dudan txokorik bada, hori Ondarretako hondartza da. Nire etxetik urrutien dagoena, baina nire hondartza hala ere. Toldoen makilen artean pasa nuen haurtzaroa: kaioen hotsa, Igeldoko jolas parkeko sirena, hareaz betetako txorizo otartekoak, eguzki-krema usaina, izozkiak eta Teniseko hormako harrien arteko karramarroak. Eta kasu honetan, teleobjektiboari esker, baita udatiarren yateak, kaiko etxeak, Apaizen pasealekua eta Orixe ikastola ere, Urgull magalean. Nire haurtzaroko uda donostiarra.