Iaz hasi ziren Donostiako traineru zurietan arraunean Jon Gurutz Lizarazu eta Amaia Sexmilo; euren ligak bukatuta, urteko erronka handienari aurre egiteko gogoz daude: Kontxako Bandera.
Jon Gurutz Lizarazu eta Amaia Sexmilo arraunlariak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiarrako arraunlaria da Jon Gurutz Lizarazu Habana (Igeldo, 1982) eta Donostia Arraun Lagunak-Donostia Berdintasunekoa Amaia Sexmilo (Parte Zaharra, 1989). Datozen bi igandeetan arraunean arituko dira hiria ordezkatuko duten
Torrekua II eta
Lugañene traineruetan, eta euren onena agertuko dutela ziur daude. Kaian bildu da IRUTXULOKO HITZA bi arraunlariekin, Kontxako kresalaren usainean.
Nolatan hasi zineten arraunean?
Amaia Sexmilo (A. S.): Duela bi urteko Kontxako Banderan hasi zen dena. Urtero bezala lagunak etorri ginen estropadak ikustera kaira, eta ikusi genuen nola San Juanek bandera irabazi eta ospatu zuen. Pentsatu genuen pena zela Donostian emakumeen trainerurik ez egotea, eta polita litzatekeela. Probatzea erabaki genuen bi lagunek, eta Donostiarrako arraunlari batzuekin hitz egin genuen, zer egin jakiteko. Azkenean sei neska elkartu ginen, entrenatzen hasi ginen, denak berriak ginen, eta pixkanaka mundu honetan sartzen hasi ginen. Iaz, zorte onez, azkenean uretaratu egin genuen Arraun Lagunaken trainerua, eta horrela hasi nintzen. Talde kirola izateak uste dut animatu ninduela bereziki. Aurretik futbolaria nintzen, eta Ainhoa, kuadrillakoa, atletismoan aritzen zen. Iruditzen zait batek uzten duenean, besteak utziko duela! [barreak]
Jon Gurutz Lizarazu (J.G.L.): Ni 2010ean hasi nintzen San Pedron, lagun batekin. Hasiera kolpetik izan zen. Iñaki taldekideak, eta orain arraunkidea ere badenak, esan zidan arraunean hasi nahi zuela, eta ni segituan animatu nintzen. Beti izan dut gogoko arrauna, eta nire bi osaba arraunean aritutakoak dira, Donostian gainera. San Pedron lau denboraldi egin, eta aldaketa egin genuen iaz, Donostiarrara.
Denboraldi politak osatu dituzue bai batak eta bai besteak. Arraun Lagunak laugarren postuan geratu da Gipuzkoako Ligan, eta Donostiarrak TKE ligako play off-erako sailkatzea lortu du. Pozik egongo zarete, ezta?
A. S.: Bai, uste dut guretzako oso denboraldi polita izan dela. Gainera, kontuan izanik arraunlari gehienok bigarren urtea genuela, eta batzuek lehenengoa. Oso oso talde berria gara eta beti ere zuhurtasunez jokatu dugu. Gure helburua goiko taldeetara ahalik eta gehien gerturatzea zen, eta lortu dugula uste dut. Gora hurbildu gara eta iaz urruti ikusten genuen Getaria-Zarautz adibidez, aurten buruz buru izan dugu. Guretzako oso pozgarria izan da egindako lanaren isla ikustea, eta ezin genion gehiago eskatu denboraldiari. Bandera bat ere lortu dugu eta ohore bat izan da.
J.G.L.: Guk iaz blokea berritu genuen, eta irregularrak izan ginen, hiru bandera lortu bagenituen ere. Aurten ilusioarekin ginen, eta negua gogorra izan da psikologikoki. Azkenean entrenatzaile aldaketa iritsi zen, eta ez dakigu hori izan den arrazoia, baina goraka egin du taldeak. Hondarribian lortu genuen ohorezko txandan sartzea, eta erregularrak izan gara ordutik, konfiantza irabazita. Gero Santurtziko bandera iritsi zen, eta pisua kendu genuen gainetik. Buruz oso gogorrak izan gara, eta bukaeran Getariari aurrea hartzea lortu dugu, play offean sartzeko.
Bi txartel egongo dira bost talderentzako, uste dut baditugula aukerak. Ondarroak aldearekin irabazi du KAE liga; Portugalete etorriko da TKEtik, beherako bidean; eta galiziarrak ez dakigu nola egongo diren. Bermeon eta Portugaleten izango dira estropadak, irailaren 16an eta 17an, eta ilusioz joango gara, hori seguru.
Amaia, zer moduz dago taldea Kontxari begira?
A. S.: Uste dut amets batean gaudela; oraindik ez dugula sinesten benetan datorkiguna. Mugimendua nabaritu da kaian aste honetan, eta burua prestatzen ari gara. Urduri gaude, oso urduri, baina gogotsu aldi berean. Estropada polita egin dezakegu, urduritasunei aurre egiten badiegu. Egindako denboraldia bi estropadetan islatzeko gogoa dugu. Badakigu Donostiako jendeak eta jende gehienak ikusten dituen estropadak Kontxako bi igandeetakoak direla. Taldea gogotsu dago, eta ilusioarekin. Emakumezkoen Donostiako lehenengo trainerua izango da Kontxan, uste dut ohore bat dela eta gozatu egin behar dugu urtetan borrokatu duten arraunlari askoren omenez.
Lehen aldiz, gainera, emakumezkoen zortzi traineru egongo dira lehian. Zein helburu duzue?
A. S.: Bai, nik uste dut hori oso polita dela. Badakigu kontatu digutenagatik urte askoan bere lekua lortu nahian borrokatu dutela emakume arraunlari askok arraun munduan, eta sekulako pausoa da zortzi traineru egotea, gizonezkoen pare. Denboraldian bezala zuhurtasunez jokatu behar dugu, badakigulako talde berri bat garela. Helburu nagusia gozatzea izango da. Gero, goiko taldeetara ahalik eta gehien gerturatu behar gara, eta sari polita litzateke ohorezko txandan sartzea. Badakigu Cabo eta Getaria-Zarautz helburu berarekin etorriko direla, baina ilusio horrekin gaude.
Zuek, Jon, Kontxari baino gehiago play offari begira egongo zarete, baina helbururen bat finkatuko zenuten, ezta?
J.G.L.: Bai, bueno, ni berria naiz klub honetan. Iaz parte hartu nuen lehenengo aldiz Kontxan Donostiarrarekin, eta beti izaten du helburu ahalik eta denbora gutxiena galtzea beste zazpiekiko. Badakigu TKE ligatik datozela eta beste abiadura bateko ontziak direla, eta gure neurrian ahalik eta estropada onena egingo dugu. Play offari begira, gainera, bi estropada horiek txukunak egin ezkero, taldeari asko emango diote. Gorakadari eutsiz, beste pauso bat aurrera emateko balio behar digu. Kalkulatzeko balioko digu zein distantziara gauden. Play offera talde bat etorriko da goiko ligatik eta badakigu zenbat denboratara geratzen zen besteekiko; ea gu zenbatera ibili gaitezken!
Nolakoa izan zen Kontxako iazko esperientzia, Jon?
J.G.L.: Donostiarran Kontxa egiteak bi alde ditu. San Pedron nengoela sailkatze estropadetan parte hartu izan dut, baina ez dut sailkatzea lortu. Donostian betikoa da, kanpotik etxekoak zorrotz begiratzen gaituzte, jada barruan gaudelako. Arraunlariari amorrua ematen dio, eta jendeari erakutsi nahi diogu; bestetik, badakigu zein estropada den… urte guztian arrauna jarraitzen ez duena ere etortzen zaizu galdetzera ea Kontxarako entrenatzen ari garen… azarotik ari gara entrenatzen! Bereziki horregatik uste dut dela berezia; mugitzen duen jendetzarengatik, kaian egoten den giroagatik; eremuak berak du xarma. Ziaboga bakar bat du, kanpora zoaz denbora luzez eta ez dakizu askotan non zauden, eta denak egiten du polita.
Zein talde ikusten dituzue indartsu?
J.G.L.: Neskena ez dut jarraitu egia esan. Mutiletan, argi ikusi da Hondarribia eta Urdaibai oso gainetik ibili direla ligan, eta Kaiku eta San Juan ere indartsu datoz. Hondarribia eta Urdaibai oso tarte txikiarekin ibili dira urte guztian, eta uste dut konfiantza aldetik puntu bat gorago dagoela orain Bermeo; azken estropadengatik eta lider jarri berri delako. Urdaibaik erakutsi du Donostian azken urteetan zertarako gai den. Lehenengo igandeko zozketak asko eragiten du, lehenengo edo bigarren txandan atera, aldaketaren bat badago, ikusiko da.
A. S.: Nik ere pentsatzen dut mutiletan Hondarribia eta Urdaibai ibiliko direla puntan. Bazirudien Hondarribia nagusi zela TKE ligan, baina Urdaibaik kolpea eman du orain. Hondarribiaren aldeko apustua egingo nuke gipuzkoarrak direlako, baina ez dakit oraintxe zein den gehiago. Donostiarrak lan polita egitea nahiko nuke, eta ea aurten ere ezusteko on bat eman dezaketen.
Nesketan lehia handia aurreikusten dut. Hibaika eta San Juan goian daude, eta Orio gertu dute, goranzko bidean. Hibaikaren alde egingo nuke, baina auskalo.