Beste hamar motor erre dituzte Grosen
Apiriletik hona, 40 motorretik gora erre dituzte Donostian. Gaurko sutea uztailean eragindako beste sutea izan zen aparkaleku berean izan da.
Udal agintariak “kezkatuta” daude gertakariekin. Kalte materialez haratago, suteek ondorio larriagoak eragingo dituzten beldur dira. Eneko Goia alkatearen esanetan, “egoerak zuhurtziaz jokatzeko eskatzen du”.
Ikerketa bide guztiak zabalik dituzte; hipotesi guztiak mahai gainean. Dena dela, gertaeren zantzuak azterturik bi gune daudela uste dute, eta gune bakoitzean egile bat edo gehiago egon daitezkeela. Alkateak ez du uste antolatutako talde bat denik: “Egile bat baino gehiago direla uste dugu, eta bakoitza eremu batean aritzen da. Gros inguruan bat, eta Amara aldean bestea, edo besteak”.
Gertaera guztiak modu bertsuan egin dituzte. Goizaldean pizten dituzte suak eta alkatearen esanetan, “kalte egitea beste helbururik ez dute”.
Zaintza lanak areagotu dituzte hiri guztian, baina bereziki erretze gehienak gertatzen diren inguruetan. Goiaren esanetan, Udaltzaingoa eta Ertzaintza “modu koordinatuan” ari dira ikerketa eta zaintza lanak egiten. Udalak eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituela adierazi du alkateak “egileak harrapatu arte”.
Donostiako Jose Maria Soroa kalean (Grosen) sute bat izan da gaur goizaldean. Suaren ondorioz, hamar motor erre dira. SOS Deiak larrialdi zerbitzuek goizaldeko laurak aldera jaso dute abisua, eta suak Jose Maria Soroa kalean eta Euskal Herria plazan aparkatuta zeuden hamar motorrak erre ditu. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, eta sua itzali dute. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, suak ez du kalterik eragin inguruko etxeetan.