"Badugu hiriaren iruditerian erreferentzia berriak sortzeko gogoa"
Aurtengo Zinemaldian proiektatuko diren bi film labur sinatu dituzte bi gazte donostiarrek; ‘Argiaren neska’ emango dute Kalebegiak proiektu kolektiboaren barruan, eta ‘Gure Hormek’ Zabaltegin.
Nola biziko duzue aurtengo Zinemaldia? Zuen ibilbiderako urrats handi bat dela uste duzue?
Maider Fernandez Iriarte: Zabaltegin hautatuak izatea ez genuen espero. Halere, galdera hau hobeto erantzungo dugu Zinemaldia pasatzen denean. Badakigu oso garrantzitsua dela, baina ez dakit zenbat jende egongo den aretoan, nolako harrera izango duen gure lanak, nork ikusiko duen… Ez dakigu nolakoa izango den, eta bueno, hori ere interesgarria da.
Maria Elorza: Zabaltegi sailean baino lehen Kimuak katalogoan aukeratu gintuzten, eta nik uste dut honen aurrerapena izan zela. Kimuak-en egoteak jada jaialdi askotarako bidea irekitzen dizu, Donostiakora, esaterako. Esker ona adierazi besterik ez dugu. Ziurrenik guri ez zitzaigun bururatuko gure lan bat Zinemaldira bidaltzea.
Donostia 2016-k bultzatutako Kalebegiak proiektuaren barruan ‘Argiaren neska’ film laburra aurkeztu duzue. Nola sortu zen lan hau?
M. E.: Kalebegiak proiektuan hiriari buruzko begirada desberdinak bilatzen zituzten. Gu berehala gogoratu ginen aurreko lan batean grabatu genuela emakume txinatar bat gauez, Parte Zaharrean. Plano hori grabatu genuenean pentsatu genuen: hurrengoan pelikula bat egingo dugu pertsonaia honen inguruan. Eta Kalebegiakena ikusi genuenean argi ikusi genuen hori zela film hori egiteko momentua. Gainera, lan talde handiagoarekin eta modu profesionalago batean lan egiteko aukera ematen zigun. Eta Kalebegiaken ihiria beste modu batera irudikatze zuen ideia horrekin bat egiten zuen gure bideoak, Donostiaren beste alde bat erakustea. Aukeratu zutenean berehala hasi ginen lanean.Azkenean lan egiteko modua ez da oso desberdina izan metodologia aldetik, baina bai baliabideen aldetik. Lehen aldiz soinu teknikari batekin grabatu dugu eta produkzioko batek lagundu digu.
M. F. I: Filmak bi aukera ematen zizkigun. Donostia gauez erakustea, eta Donostiak duen Chinatown hori erakustea. Pertsonaiak, kaleko saltzaile txinatarrak eman digu aukera hori.
M. E.: Gure Hormek eta Argiaren neska lanek badute zerbait komunean: Hiria irudikatzeko modua. Bietan badago hiriaren iruditeria erreferentzia berriekin erakusteko nahi bat. Kalebegiaken Donostiako Chinatown bat erakusten dugu, badagoelako hiri hori. Gure begirada oso filtratuta dago, eta ez dugu ikusten, baina badago. Donostiaren irudi bukoliko horrek iragazten du gure begirada, eta hori agerian utzi nahi genuen. Eta antzeko zerbait egiten dugu Gure Hormek-en. Badago momentu bat film laburrean non Donostiako kaleak erakusten ditugun, eta izenak aldatzen dizkiogun. Emakumezkoenak jartzen dizkiogu. Hor badago arkitekturaren, hiriaren eta inguru urbanoa berriz egituratzeko gogoa, edo iruditeria horretan erreferentzia berriak sortzeko gogoa. Bi lanetan dago horrelako zerbait.
Kaleko artearekin lotutako ‘Hormek diote’ proiekturako enkargua izan da ‘Gure Hormek’. Nolako lana da?
M.F.I: Lehen esan bezala, kaleen izenak ordezkatzen hasi ginen, eta nahigabe hasi ginen pentsatzen nola gure inguruko emakumeek baduten beraien espazioa pareten alde publikoa ez den horretan. Kaleak berriz izendatzearekin laburra eraikitzen hasi ginen. Hori izan zen ardatza. Pixkanaka emakumeen inguruko gogoeta eta errekonozimendu moduko bat eraiki dugu.
M. E.: Guk pareta bat izango bagenu eta hor zerbait erakutsiko bagenu zer erakutsiko genuke? Erantzuteko beti jotzen genuen gure etxeko emakumeak agerian jartzera, gure haurtzaroarekin zerikusia duen unibertso bat erakustera. Ez da aldarrikapen bat, gogoeta bat da. Beste erreferentziekin osatutako unibertso bat, pantaila batean hain ohikoak ez diren gauzak erakustea.
M.F.I: Nik uste dut Gure Hormek dela orain arte beti egin izan duguna, baina testuinguru zehatz batean barruan. Mariak asko grabatzen du bere etxean, eta nik nirean. Berak bere ama eta ahizpa grabatzen ditu, eta nik nire amonak. Horiek ikusten dira Gure Hormek lanean.
Eta zuen izena? Nondik dator Pasaikeko neskak izena?
M. E.: Nik uste dut zerbait naturala izan zela. Elkarrekin egindako lan dezente genituen jada. Eta biontzako izen bat sortzea erabaki genuen. Talde izen bat behar genuela erabaki genuen, talde sentitzen ginelako.
M. F. I.: Pasaik izeneko hiri baten inguruko testua irakurri zuen Mariak. Artista batek abandonatutako fabriken inguruko ibilbide bat proposatzen zuen.
M. E.: Paisaia industrial bat, erdi desegindakoa… Asko gustatzen zitzaigun monumentuak horrela ulertzeko ikuspegi hori. Pasaik hitzaren sonoritatea gustatu zitzaigun. Hemen ondoan dugun Pasaiaren paisaia ere ekartzen zigun burura, eta aldi berean leku batetako neskak izan nahi genuen. Ez du misteriorik egia esan.
Zinemagintzan hasteko zer egin behar da?
M. E.: Ni gauzak egitearen alde nago. Asko kostatzen zait zineman modu abstraktu batean pentsatzea. Nik ia-ia kameraren objektiboarekin eskuan dudala pentsatzen dut. Agian material hori ez doa inora, baina horren bidez zerbait ezagutu dezakezu, eta beste gauza bat sortu. Egitea da ikasteko modu bakarra. Lanak benetakoak dira barneko bulkada batek eraginda egiten dituzunean, zentzu horretan defendatzen dut egitearena.
Zuek nola hasi zineten?
M. E.: Nik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen Bartzelonan. Zinema interesatzen zitzaidan, eta baziren gustuko nituen ikasgai eta irakasleak. Donostiara itzuli eta berehala Maiderrekin hasi nintzen proiektuak egiten. Elhuyarrek zientziaren inguruan egiten duen bideo lehiaketa batera aurkeztu ginen, eta irabazi genuen diruarekin kamera bat erosi genuen erdibana. Oraindik kamera horrekin lan egiten dugu.
M.F.I: Nik biologia ikasi nuen hiru urtez. Konturatu nintzen ez zitzaidala gustatzen, eta gero Gizarte Hezkuntza egiten hasi nintzen. Ikasketak ‘ofizialak’ egiten nituen bitartean argazki eta dokumental ikastaroak egiten hasi nintzen. Gizarte Hezkuntza amaituta Andoainera joan nintzen errealizazioa ikastera, eta egun Bartzelonan dokumentalgintzako master bat egiten ari naiz.
Baliabide gutxirekin asko egin daiteke?
M. F. I.: Guk adibidez grabagailu bat, haririk gabeko mikrofono batzuk eta kamera oso arrunt bat daukagu. Gure kasuan funtzionatzen du. Niretzat garrantzitsuagoa da Mariak esaten zuen bulkada hori sentitzea. Zuk sentitzen duzunean zerbait egin nahi duzula, aurkituko duzu hori egiteko modua. Gogoa dagoen bitartean, besteak ez du garrantziarik. Guk gauza gutxirekin egiten dugu lan, eta zerikusia du gauza gutxi edukitzearekin. Baliabide horiek dira ditugunak.