Zurriolako Butakan parte hartuko du IRUTXULOKO HITZAk
Kursaaletik bertatik, Donostiako Zinemaldian gertatzen den guztiaren berri ematen du Zurriolako Butaka saioak. Berriak eta Hamaika Telebistak abiatu zuten egitasmoa orain bost urte, eta azken urteetan IRUTXULOKO HITZA ere batu da proiektura, baita Gaztezulo ere. Aurten Zinea.eus atariak bat egin du.
IRUTXULOKO HITZAk Zinemaldiari buruzko elkarrizketa eta erreportaje batzuk egingo ditu Zurriolako Butaka saiorako. Lehenengo bideoa Welcome Mr. Hitchcock erakusketari buruzkoa izango da. Hitchcock-ek 1958an Donostiara egin zuen bidaia nolakoa izan zen kontatzen du. Elkarrizketak ere egingo ditu Hitzak. Donostiako Orfeoiko Ane Urrutikoetxearekin izan da, Juan Antonio Bayonaren A Monster Calls filmean egin duen lana ezagutzeko. Donostiako abesbatzak Bayonaren superprodukzioaren musikan parte hartu du, eta esperientzia nolakoa izan den kontatuko du Urrutikoetxeak. Gorka Otxoa donostiarra ere elkarrizketatuko du. ‘Igelak’ filmeko protagonista Donostian izango baita Patxo Telleriaren filma aurkezteko. Kalebegiak proiektuaren estreinaldian ere izango da Irutxuloko Hitza. Hainbat zinemagile donostiarrek parte hartu dute lan kolektibo honetan, eta aurkezpenaren kronika jasoko du.
Hamaika Telebistako Inaxio Esnaola izango da beste behin ere programaren gidaria, eta Donostiako Zinemaldian, irailaren 16tik 24ra, 11:00etatik aurrera emango dute zuzeneko saioa Berria, Irutxuloko Hitza, Zinea.eus eta Gaztezuloren atarietan; ondoren, 20:00etatik aurrera Hamaika Telebistan errepikatuko dute eguneko programa. Era berean, IRUTXULOKO HITZA webgunearen YouTubeko kanalean izango dira ikusgai kazetariek landutako edukiak.