Disko berria aurkeztuko du Liher taldeak hil honetan. ‘Hauts’ du izena eta bederatzi abestiz osatua dago. Diskoa autoekoizten bi hilabetez egon eta gero, gustura daude emaitzarekin.
Liher talde, bere lehen diskoarekin. (Argazkia: Malen Aldalur)
Gitarra eta ahotsa arma bakar zituela hasi zuen bere ibilbidea Lide Hernandok (Ategorrieta, 1991), Liher hitz jokoaren izenpean. Urtebete inguruz bakarlari gisa aritu ostean, taldea osatu zuen. Proiektu berri bat sortu zuten, beste proiektu baten aitzakiapean. “Unai Pelayok Ez Dok Amaitu egitasmoa zuen esku artean eta proiektuaren aurkezpen festan abesteko eskatu zidan, baldintza batekin; taldean izan behar zuela, ez bakarlari gisa”, azaldu du Hernandok.
Hilabete eskasean osatu zuen taldea. Ikaskide izandakoak batu ziren lehenengo: Iñigo Etxarri (Pasai San Juan, 1989) eta Joshka Natke (Zaldibi, 1989). Ondoren, Ekaitz Otxoa (Bergara, 1989) elkartu zitzaien.
Gazteszenan eman zuen bere lehen kontzertua Liher taldeak. Lehen ahots eta gitarra soinuek osatzen zituzten kantuei rock kutsua emanez: “Banda sortu genuen unetik ikusi genuen ia oharkabean rockera pasa ginela”. Ez Dok Amaitu jaialdian estreinatu ondoren, han eta hemen ibili dira bakarlari bezala sortutako abestiak talde gisa jotzen; Gipuzkoan, eta Donostian bereziki.
Udaran estudioan sartu eta “jo eta ke” ibili dira irailerako kaleratu nahi zuten diskoa prestatzen: “Urtarriletik hasi ginen kantei bueltak ematen, eta konposatzen”. Ekainaren lauan hasi zituzten grabaketa lanak eta horretan ibili dira abuztura arte.
“Elkarbizitza ez da erraza bi hilabetez lau metro koadroan zaudenean, baina ondo moldatu gara”, azaldu dute. Ohiko tentsioez gain giro ederrean grabatu dute
Hauts izeneko disko berria. “Grabaketa prozesuak beti izaten dira gogorrak, ez da zuzeneko bat bezala, pista mordo bat grabatu behar dira behin eta berriz”, azaldu du Etxarrik. Bera aritu da tekniko lanetan, eta horrek grabaketetarako “nahi beste” denbora izatea ahalbidetu dietela azaldu du.
Lehenengo diskoa
Hauts da lehenengo diskoaren izena eta bederatzi kantez osatua dago. Abestietako batek ematen dio izena lan osoari.
Hauts abestiak denboraren joanaz, memoriaz, zahartzaroaz, eta antzeko beste zenbait kontuz hausnarrarazi nahi du. Gainerako kantuek ere zenbait gogoeta eta gai lantzen dituzte: maitemina, deserria, kontzientzia, manipulazioa, inozentzia… Denen artean konposatutako diskoa da
Hauts. Hitzak Hernandok jarri baditu ere, denen artean jarri diote soinua eta egin dituzte beharrezko konponketak.
“Rock zaharkitua” bezala definitu izan dute euren musika. Hernandok uste du 70. eta 80. hamarkadako rockaren kutsua dutela zenbait abestik, eta horregatik izan daitekeela: “Zaila da gure estiloa definitzen eta baliteke beste estilo batzuetara ere eboluzionatzea. Hori da gustatzen zaiguna; muga lausoak ditugu”.
“Analogikoagoa” dela uste du Etxarrik: “Ez ditugu hainbeste distortsio erabiltzen”. Oro har, rocka egiten dute; nahiz eta, batzuek uste duten «pop estilora» jotzen dutela, eta beste batzuek “soul estilora”. Azken honi egiten dio erreferentzia, esaterako, diskoko azken abestiak:?”
Hauts laneko azken abestia soul estilokoa da eta, bertan, Iñaki de Miguel piano joleak hartuko du parte”. Kolaboratzaile bat baino gehiago biltzen ditu Liher taldearen lan berriak. Abesti bakoitzari tokatzen zaizkion osagarriak eman nahi izan dizkiote: “Esaterako, kantu batean saxofoia behar genuen eta Eneko Sierrari proposatu genion”.
Dena den, diskoa ez da Liher taldearen nobedade bakarra, bideoklipa ere egin dute; irailaren 30ean Dokan eskainiko duten aurkezpen kontzertuaren aurretik jarriko dute ikusgai.
Bideoklipa ere bai
Lehen diskoarekin batera kaleratuko dute lehenego bideoklipa. “Gu oso gutxi ateratzen gara. Hori da hasieratik argi genuen gauza bakarra; ez genuen bideo kliparen protagonista izan nahi”, azaldu du Natkek. Dena den, azalduko dira: “Ez genuen taldekideak antzezten ageri diren bideoklip mitiko horietako bat egin nahi, baina inork ezagutzen ez gaituenez uste dugu beharrezkoa zela gu presente egotea”. Beraz, bi aktorek hartuko dute protagonismoa:?Loinaz Jauregik eta Izaro Bengoetxeak, eta denboraren joanaz hitz egiten duen istoriotxo bat kontatuko dute.
«Pozik» daude taldekideak lortutako emaitzekin, eta argi dituzte hemendik aurrerako planak: “kontzertuak eman eta kontzertuak eman”.