Xabier Vazquez: 'Pelota'
Xabier Vazquez, Realzalea
Daitort kiroletan norgehiagoka bera baino jokoa dudala gogoko. Hau da, badira kirol batzuk, atletismoarekin loturikoak adibidez, non ikusiz gero hara, besteek baino azkarrago egiten du korrika edo oh ze ondo, beste hark baino jauzi handiagoa egin du, eman diezaiotela domina bat pentsatzen dudan. Esan nahi da, ez didate zirrara berezirik egiten. Nahiago ditut joko handiagoa duten kirolak, adibidez, pelota bat izaten dutenak: futbola, saskibaloia, pelota bera,….
Baina joko bat ikusteak sortzen duen gozamenez haratago, kirolak ere baditu jarraitzaile edo ikuslearentzat gauza gehiago. Horietako bat, klub edo talde batek eskain dezakeen ordezkaritza sentimendua da. Horregatik uler liteke, aurreko pasartean esanak esan, arrauna bezalako kirol bat ikusteko bidaia bi egin izana aurreko astebukaeran, Kaiarriba edo Donostiarra ikusteko hain zuzen.
Beraz, pelota gabe ere, hor elkartu ginen batzun batzuk gure trainerua animatzen. Eta egia esan, badute meritua arraunean ibiltzen diren neska eta mutilek, denbora luzean egiten duten ahaleginak beste kirol askotan baino ikusmira eta errekonozimendu eskasagoa baitakarkie.
Pentsa dezakezuen moduan, zale honentzat astebukaera eskas samarra izan zen kirolari dagokionean. Izan ere, Donostiarrak ez zuen lortu igotzeko postua eta Reala ere esku hutsik itzuli zen.
Arestian esan dut futbola bezalako kiroletan baloia erabiltzen dela. Baina joko diren heinean, baloia eduki ez ezik, helburu batzuk bete behar dira, kasu honetan golak sartzea. Zoritxarrez, Realak igandeko partidako une askotan baloia eduki zuen, baina garrantzitsuena egiteko orduan eskas ibili zen.
Futbologo guztien ziklo bat bete dugu eta hiruok esan dugu gauza bera: itxura ez da hain txarra, eta taldearen inguruko kezka eta kritika batzuk lekuz kanpokoak izan dira. Baina, Realak ez baditu puntuak pilatzen presio horren morroi izaten buka lezake. Hau irakurtzen duzunerako Las Palmasen aurka jokatuak izango dira, ea zazpi puntuak eskuratuak dituzten.
Nik, bitartean, futbologia hau Realaren emaitza aurreikusi gabe idatzi behar izan dut, eta horregatik egin behar izan diot pelota gure jefari eta bere kirolaren merituari. Ea noiz idazten duen berak futbologook dugun merituaz!