Asko dira Bagera Elkarteak antolatutako Mintzalaguna egitasmoaren bitartez astero euskaraz hitz egiteko asmoz elkartzen direnak. Hiru edo lau pertsonako taldeetan tarte polita pasatzen dute.
Mari Jose Marrodan, Ander Trigos eta Maribi Guerrero Vía Fora tabernako terrazan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Arratsaldeko 18:00etan elkartu dira Via Fora tabernan: Mari Jose Marrodan (Gros, 1971), Ander Trigos (Tolosa, 1952) eta Maribi Guerrero (Antigua, 1964). Azken biek lau udara daramatzate elkartu eta astean ordubetez euskaraz hitz egiten. Marrodanek lehenengo udara du; nahiz eta, aurretik bi urte pasa dituen ikasturtean zehar Mintzalagun egitasmoan parte hartzen.
Asteroko errutina pixka bat aldatu zien kazetari bat tartean egoteak, baina udarako arratsaldeetan hitz egin ez zituzten zenbait gairi buruz aritzeko balio izan zien: “Egia esan ez genekien bakoitzak zenbat urte zituen, hortaz ez genuen inoiz hitz egin”.
Euskaldun zaharra da Trigos, orain dela hamar urte inguru iritsi zen Donostiara, eta barre artean aitortu du “kalera irteteko eta garagardoa edateko” eman zuela izena Mintzalaguna egitasmoan: “Donostiara iritsi nintzenean ez nuen jende asko ezagutzen eta aukera polita iruditu zitzaidan; denbora librea nuen, eta gainera, oso euskaltzalea naiz”. Guerrerok gustuko du euskaraz hitz egitea eta horregatik batzen da astean behin Trigos eta Marrodanekin: “Etxean ez dut euskaraz egiten; alabak badaki, baina ez du nirekin hitz egin nahi”. Euskaltegian ibilia da zenbait urtez, eta utzi zuenean Mintzalaguna egitasmoan eman zuen izena: “Ez nuen euskaraz hitz egiteko aukera galdu nahi”. Edozein gairen inguruan “lasai” eta “gustura” hitz egiten dutela azaldu dute, «baina, hori bai, beti errespetuz”. “Egia da batzuetan gai polemikoak saihesten ditugula, esaterako politika kontuak. Gainera uste dut hobe dela horrela bestela distantziak sortzen dira”, azaldu du Trigosek.
Trigosek eta Guerrerok lau urtean uste baino gehiago ezagutu dute elkar, “hogei minutu inguru pasako nituzke Guerrerori buruz hitz egiten: laneko kontuak, zer gustatzen zaion, non bizi den, nora joaten den oporretara; eta baita alderantziz ere”.
Marrodanek ere geroz eta gehiago ezagutzen ditu Trigos eta Guerrero. Eurekin euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea zen bere helburua: “Ezagutzen dut euskaraz dakien jendea baina dagoeneko ohitura dut haiekin gaztelaniaz egiteko eta, beraz, asko kostatzen zait euskaraz aritzea. Mintzalaguneko kideekin, aldiz, beti hitz egiten dut euskaraz”.
Euskaraz, taldean
Bagera Elkarteko kideak talde “homogeneoak” egiten ahalegintzen direla azaldu du Trigosek: “Adinaren eta gustuen arabera talde homogeneo samarrak egiten ahalegintzen dira”. Dena den, hiruek diote Mintzalaguna egitasmoan izena ematen duten gehienak 40 eta 70 urte tartekoak direla, nahiz eta, gazteagoak ere badauden. Bestalde, Trigosek dio berari egokitu zaizkion taldeetan gehienak euskal herritarrak zirela, nahiz eta, inoiz atzerritarren batekin ere aritu den.
Talde batzuk urtero aldatzen dira eta batzuek talde berdinarekin jarraitzea eskatzen dute; Guerrerok, esaterako: “Nik Trigosekin jarraitzeko eskatzen dut, eta lau udara daramatzat berarekin”. Beste batzuk aldiz urtebete egin eta aldatzen direla edo uzten dutela dio: “Talde batzuk egonkorragoak dira, beste batzuk aldiz, urtebete egin eta utzi egiten dute edo aldatu; maiz ordutegiak ere zerikusi handia izaten du”.
Edozein gai hizpide
Behin euren bizipenak kontatuta, tartean kazetaririk ez balego bezala jarraitu dute berriketan. Edozein kafetegitako terrazan entzun daitezkeen hizketaldien antzekoa zen Trigosena, Guerrerorena eta Marrodanena: etenik gabe bata bestearen atzetik berriketan.
“Normalean ez dut zuzenketarik egiten, ez da hori Mintzalaguna egitasmoaren helburua, gainera horrek asko eteten du hizketaldia, eta ez da komeni”, azaldu du Trigosek. Dena den, Guerrero eta Marrodanek aitortu dute sarri galderak egiten dizkietela Trigosi: “Tarteka galdetzen diogu zerbait eta beti erantzuten digu; beti jakiten du erantzuna”, azaldu dute biek algara artean. Oporretan ibili da Trigos, eta berehala galdetu diote, hango berri.
Marrodanek, berriz, Donostiako Zinemaldiaz gozatzeko tartea izan du. 11 film ikusi ditu, horietako batzuk euskaraz; eta han hasi dira bata bestearen atzetik aurtengo zinemaldiko filmak goitik behera aztertzen: Trigosek irakurri dituen kritikak, Guerrerok entzun dituen zenbait iruzkin eta Marrodani gehien gustatu zaizkion filmak.
Vía Fora kafetegiko terrazan utzi ditu kazetariak Trigos, Guerrero eta Marrodan. Uztailetik daramate astero elkartzen eta, oraindik, azarora arte behintzat talde berdinean jarraituko dute.
Kafea, garagardoa, zukua eta euskara nahikoa dira astearte arratsalde eder bat pasatzeko