Hernaniko traineruaren entrenatzailea izango da Xabier Zabala
Azken denboraldiak Donostiarran egin ditu Loiolakoak, joan den ekainean postutik kendu zuten arte.
Donostiarrak, esaterako, joan den ostiralean jakinarazi zuen zein izango duen datorren denboraldiko talde teknikoa; eta, gaur, Hernaniko Arraun Elkarteak eman du albistea: Xabier Zabala izango da emakumeen traineruko entrenatzailea. Ezin hobeto ezagutzen du Hernaniko kluba Xabier Zabalak (Loiola, 1974), bertako kidea baita, 2006tik; emakumeen traineru bat gidatzen, ordea, lehen esperientzia izango du.
Klubak jakinarazi duenez, emakumeen traineruarekin pauso bat aurrera eman nahi du, eta horregatik aukeratu du Zabala. “Etxera itzultzea bezala izan da. Berriz ere ilusio handia dut, eta lanerako gogo handiz nago”, dio Zabalak klubaren oharrean. Dirudienez, negutik indartsu entrenatzen hasteko lanean ari da Zabala: “Kontentu nago iazko blokea mantenduko delako. Hamabost neska inguruko taldea dugu momentu honetan, eta lanean ari gara beste bizpahiru arraunlari ekartzeko. Ea neguan lana behar bezala lan egiteko moduan gauden”.
Hernaniko Maialen traineruak bi denboraldi egin ditu uretan, eta Juanjo Etxarte izan da entrenatzailea, Jose Luis Perez Kotelirekin batera. Hala, orain arte egindako lana eskertu nahi izan die klubak.
Donostiarratik Hernanira
Xabier Zabala Ur-Kirolaken hasi zen arraunean, kadetea zela. Bertan osatu zuen bere arraun ibilbideko tarterik luzeena, aulki mugikorrean eta tostako arraunean, Koruko Ama traineruan. Entrenatzaile lanetan ere aritu zen Urkin, eta 28 urte zituela utzi zuen. Urkik trainerua ateratzeko kuadrilla osatzerik lortu ez zuen bi denboraldietan, Zumaian aritu zen arraunean; eta, 2006an, Hernanin sartu zen buru-belarri lanean. Gizonezkoen traineruko entrenatzailea eta arraunlaria izan zen lehenengo bi urteetan. 2008an, ordea, hainbat lagunen artean, klubean filosofia aldaketa bat egitea erabaki zuten, eta harrobia lantzeari ekin zioten, trainerua alde batera utzita. Horrela, Zabalak beste klub batzuetan arraunean jarraitu zuen bitartean, beheko mailetan entrenatzaile lanetan aritu zen Hernanin, 2015 arte. Donostiarran egin zituen bere azken bi denboraldiak arraunean, eta, ondoren, bertako entrenatzailea izatera igaro zen, gizonezkoen KAE-1 ligako trainerua gidatuz. Hirugarren denboraldian, 2015ean, hiru bandera lortu zituen hiriko Torrekua traineruarekin, Donostiarraren historiako lehenak. Iaz, negu osoko lana egin bazuen ere, liga hasterako postutik kendu zuten.
Arraun klubetako mugimenduen berri zabaltzen ari da komunikabideetan, azken asteetan.