Juan Azkarate bermeotarra Donostiako Ontzi Museoan, bere senideez inguratuta. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Juan Azkarate bermeotarra omendu dute, Euskadiko guda ontzidia sortu zenetik 80 urte bete direnean. 14 urteko mutikoa zela bildu zen gerraontzi bihurtutako arrantzontzi haietara. Hautu bera egin zuten 44 donostiarrek.
ermeokoak, Pasaiakoak, Galiziakoak, Andaluziakoak, Kantabriakoak, Madrilgoak, Kataluniakoak… Boluntarioen %87a euskal herritarrak izan ziren, gehienak Bermeo eta Pasaiakoak. Donostiar batzuk ere enrolatu ziren Jaurlaritzak 1936an sortu zuen unitate militar bitxi honetan: 1936 eta 1939 urteen artean 44 itsasgizon donostiarrek parte hartu zuten. Jose Luis Camiok, besteak beste. Kaiko bizilaguna zen, eta 22 urterekin Bou Gipuzkoa ontzian borrokatu zen. Guztira 920 lagun borrokatu ziren Euskadiko guda ontzidian, tartean, hiru emakume.
Eskifaiak marinel boluntarioek osatzen zituzten, arrantzan edo merkataritzan ibilitakoak, eta inolako eskarmentu militarrik gabekoak. Donostiarren artean, adibidez, Manuel Galdos. Mistral bakailao ontziaren ofiziala izan zen militarizatu zutenean.
Euskadiko guda ontzidiak itsas armada errepublikarraren itsas joan-etorria eta arrantza lanal babestu behar zituen. Euskal portuen sarrera eta irteerak urpeko minetatik libratu behar zituzten. Gerra betean, Bilbon babesturik eta zereginik gabe zeuden 50 bat arrantzaontzi armatu zituzten, gehienak Pasaiakoak, eta urpeko minak harrapatzeko tresnez hornitu zituzten. Brankan ikurriña zutela eta txopan bandera errepublikarra ibili ziren itsasoan.
Antxon Ezeiza zinemagileak
Ikuska dokumentalean jaso zituen borrokan parte hartu zutenen oroitzapenak. Horien artean, Bou Navarra ontziko Antxon Santiago itsasgizon donostiarrarenak ageri dira.
Ontzi Museoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskadiko guda ontzidiko azken gudaria omendu du aste honetan: 94 urteko Juan Azkarate bermeotarra. Bera da bizirik geratzen den bakarra. Asko 1936ko gerran edo II. Mundu Gerran hil ziren. Bera da historiaren pasarte gogoangarri haren zuzeneko lekuko bakarra. Hunkituta jaso zuen ikurriña eta oroigarria. 14 urteko mutikoa zela enrolatu zen guda ontzidian. Horrelako konpromisoa horren gazte zergatik hartu zuen galdetu ziotenean argi eta azkar erantzun zuen: «Tokatzen zen tokian egon behar zen», adierazi zuen. Bou Araba ontzian aritu zen,bigarren zerbitzari eta metrailadore-laguntzaile gisa. Matxitxakoko gudan lagun eta kide asko galdu zituen. Zoriak salbatu zuen Azkarate, bere ontzia matxuratuta zegoela eta, ez zen borrokatu egun hartan. Eta geroztik ez du inoiz etsi:«Segituko dugu», esan zuen agurrean.