Udal gobernuaren esanetan, herritarren interesen aurka ari da lanean Irabaziko kidea, estadioa berritzearen aurkako jarrerarekin.
Loic Alejandro, Irabazi Donostiako zinegotzia. (Argazkia: Irabazi Donostia)
Anoetako Administrazio Kontseilutik ken dezakete Loic Alejandro Irabazi Donostiako zinegotzia. Anoeta Kiroldegia elkartearen Akziodunen Batzar Orokorrari hala proposatzea adostu du udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Eneko Goia alkatearen esanetan, herritarren interesen aurka lanean ari da Alejandro: “Estadioa berritzeraren aurkako jarrera du, eta berritze proiektuaren aurkako ekintzak egin ditu”. Alkateak gogorarazi du Anoeta berritzea dela sozietatearen egungo etorkizun hurbileko proiektu nagusia.
Duela hilabete batzuk Anoeta Estadioa berritzeko hitzarmena sinatu zuten Anoeta Kiroldegiak eta Realak. Orduan,
prentsaurreko bat eman zuen Irabazi Donostiak, hitzarmen hark estadioaren ustiapena zabaltzea zekarrela esanez, eta “legez kontrakoa” izan zitekeela.
Momentu honetan, udaleko alderdi guztiek dute ordezkaritza kontseiluan: EAJ (3), PSE-EE (2), EH Bildu (2) eta Irabazi Donostia (1). Loic Alejandro postutik kenduko balute, Irabazi ordezkaritzarik gabe geratuko litzateke, baina horrek ez lukeela zertan eragin behar dio Goiak: “Aurrera goa, eta gure erabakien zuzentasuna babestuko dugu. Hiri bezala eta udal bezala berritzeko aukera hau galtzea hankasartze handia litzateke”.
EH Bildu ez dago ados
EH Bilduk desadostasuna agertu du proposamenaren inguruan:”Erabakia Eneko Goia alkatearen jauntxokeria da, inongo justifikaziorik ez duena”. Kontseiluetan proportzionaltasun irizpideari eutsi behar zaiola uste du alderdiak, eta talde guztiek izan behar dutela ordezkaritza, edozein dela ere talde horien pentsaera. Horrela, Donostiako EH Bilduk bere elkartasuna adierazi nahi izan dio Irabazi taldeari.