Bazkide kanpainaren lehenengo fasean 120 Bagerakide lortu ostean, bigarren aldiari ekin dio elkarteak. Helburu nagusia da zabalkunde lanean jarraitu eta Bagera bera ezagutzen ez dutenengana iristea.
Bagerako kide bat, elkartearen itxura berria proposatzen. (Argazkia: Bagera)
Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak 25 urte beteko ditu abenduaren 14an. 1991tik hona, eraldatuz joan da, eta baita garai berrietara egokitu ere. Uda baino lehen, bazkide kanpaina bati ekin zion, sarea osatzen jarraitzeko asmoz. «Batetik, bazkide zirenei eskaintza berezi bat egin genien: lagun bat ekarriz gero, opari bat eman genien trukean. Bestetik, Irutxuloko Hitza eta Gaztezuloko harpidedunei deskontuak eskaini genizkien, eta zozketak egin genituen, besteak beste», azaldu du Bagerako Aloña Landak.
Bazkide kanpainaren lehen fasea izan zen hori; eta, guztira, 120 Bagerakide berri lortu zituzten. Orain, bada, bigarren fasea abian jarri dute: «Oraingoan, zabalkunde lanari eman nahi diogu garrantzia. Bagera zer den ezagutzen ez dutenengana iritsi, eta erakutsi elkarteak egiten dituen gauza guztiak». Horretarako, triptikoak eta eskuorriak banatzeaz gain, bideo bat egin dute.
Jarduera bat baino gehiago
Izan ere, ez dute Bagera jarduera zehatz batekin lotzea nahi: «Jende askok, adibidez, Mintzalagunarengatik ezagutzen gaitu, baina Bagerak beste hainbat gauza egiten ditu». Elkartearen egitasmo horien artean daude: auzoen sarea, mintzakuadrillak, behaketak, tailerrak, laborategiak, bisita gidatuak… Berrienetakoa da laborategien egitasmoa: euskaratik eta euskaraz abiatuko diren proiektuak sortzeko ideien gunea.
25. urteurrenarekin, garai berrietara egokitzen ari dela erakutsi du elkarteak. Esaterako, aurten, logotipoa eta webgunea berritu ditu. «Hala, bazkide berriei hobekuntza horiek erakutsi, eta elkartearen parte aktibo sentiarazi nahi ditugu; erakutsi denen artean beste Donostia bat eraikitzea posible dela», adierazi du Landak.
Bagerakide egiten direnek hainbat abantaila izango dituzte; tartean, jardueren buletinak, euskarazko emanaldiak ikusteko aukera, Bageraren materialan deskontuak, eta elkartearen jardueratan modu aktiboan parte hartzeko parada.
Bazkide egin nahi izanez gero, hiru aukera daude: Bagera.eus webgunean sartu, Hernani kaleko 15. zenbakian duten egoitzara jo, edo 943 005 074 telefono zenbakira deitu. Urteko kuota orokorra 35 eurokoa da. Familientzako, gazteentzako eta Mintzalagun direnentzako prezio bereziak daude: 55, 12 eta 17,5 euro, hurrenez hurren.
Donostiako euskalgintza izango dute ardatz
Bagera elkarteak antolatuta, ‘Izatetik egitera. Guk, nork bestela!’ jardunaldiak egingo dituzte bihar, larunbata, 9:30etik 14:30era, San Telmo Museoan.
Joseba Alvarezek emango die hasiera jardunaldiei, 9:30ean. ‘Euskalgintza, XXI. mendeko paradigma berria’ izenburupean, hitzaldi bat emango du. Ondoren, 10:00etan, Lander Arbelaitzek hartuko du hitza, diskurtso berriei buruz mintzatzeko.
Jarraian, 11:30etatik aurrera, dagoeneko abian dauden praktika berrien txanda izango da: Igeldoko esperientzia, Garajetarrak, Euskaraz bizi nahi dugulako egitasmoa eta Osakidetza ahaldundu kanpaina.
Azkenik, 12:30ean, Donostiako euskalgintzaren erronken inguruan eztabaidatu, hausnartu eta praktika berriak adosteko asmoz bilduko dira talde txikietan.
Izena eman nahi duenak Bagera.eus webgunearen bidez edo 943 005 074 / 688 820 195
telefonoetara deituta egin dezake.