Xabier Lopetegi: 'Trajea'
Xabier Lopetegi, Kazetaria.
Egokitu ala hil. Hala dio esamoldeak. Ez dirudi Realak ezagutzen duenik, ordea. Futbolean, berebiziko garrantzia dauka partida bakoitza, eta partida barruan dauden gorabeherak irakurtzen asmatzeak, eta norbere jokamoldea eta erabakiak horietara egokitzeak. Izan ere, janzkera berberak ez du hitzordu guztietarako balio. Derbietan, adibidez, lekuz kanpo dago Realak erabili ohi duen traje gorbatadun dotorea.
Tematuta dago Eusebio frak beltzarekin, bere jokalariei luzimendu handiena atertzen diolakoan. Eta aizue, ondo dago autoestimu altua edukitzea, norbere estiloan sinestea. Baina hortik egoskorkerira, alde handia dago. San Mamesen baloi jabetza eta teknika hutsarekin irabaztea ameskeria hutsa da. Bartzelonak eta Real Madrilek ere ez dute lortzen. Haiek ere badakite beharrezkoa dela oldarkortasuna, defentsan hortzak estutzea, baloi guztiak azkena balira bezala borrokatzea, presioan ahalegintzea. Badakite igeltsero jantzia ezinbestekoa dela, jai dutela lana beltz egin ezean. Ondo jakin ere.
Handienek ere, badakite opariak eginez gero, ezinezkoa dela Lehen Mailan onik ateratzea. Eta Realak egiten dituen opari asko, oso loturik daude barneratu nahian dabilen eredu estetiko horrekin. Aurreko Futbologian aipatu nituen baloia atzetik jokatuta ateratzeko obsesioak, zelaiko leku arriskutsuetan batera eta bestera erabiltzeak, ekar zitzakeen ondorioak. Jokalariak jakin behar du, dagokionean, arriskua ostiko batekin uxatzen urruntzen. Navasek egin ez zuena. Errua berea da, zalantzarik gabe, baina Eusebiok Zubietan darabiltzan mezuen ispilu ere bada.
Garai batean, agian, nahikoa zen futbolean arrakasta edukitzeko talde orekatuak edukitzea. Langile-gerlariekin, eta artistekin. Bi perfil horiek dosi egokietan konbinatzea zen gakoa. Gaur egun, ordea, talentu gehien duten jokalariek ere, gerlari sena behar dute. Ikusi besterik ez dago Luis Suarez, baloirik gabe kosk egiten –barkaidazue metafora maltzurra- Hamaika jokalari lehiakor behar dira. Eta ahal dela, talde izaera lehiakorra ere bai. Realari hori falta zaio aspalditxotik.
Zubietan gaztetatik hobesten ari diren jokalari motarekin egon liteke lotuta. Teknikoki jantzia, baina hotza. Edo gipuzkoarron izaerarekin. Baina malaletxe hori faltan bota zen, beste behin, San Mamesen. Ez dut batere atsegin Raul Garcia edo Adurizen jarrera, baina Realak bi horien maleziaren ehuneko txiki bat edukiko balu, beste kuku bat joko lioke. Seguru.
Alaves dator Anoetara. Beste derbi bat. Leganes hurrena. Hobe dugu armairuan bestelako arropa topatzea. Izan ere, gero oilarrei egin beharko diegu aurre, eta hor, trajea jantzita ere, nekez lortuko dugu haiekin edertasunean lehiatzea